Gizartea -
Burua estalita zuten
Lau atxilotu Astigarragan, gazte bat bahitzen saiatzeagatik
Biktimak azaldu duenez, atxilotuetako batek arma batekin mehatxatu zuen, eztabaida baten ondoren. Jarraian, auto baten sartzen saiatu ziren.
Erredakzioa
Lau lagun atxilotu dituzte Astigarragan, gazte bati arma batekin mehatxu egin eta, indarra erabilita, auto batean sartzen saiatzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostegun honetan jakitera eman duenez.
Uztailaren 25ean gertatu zen, goizaldean. Burua estalita zuten eta armak zeramatzaten hainbat lagunek gazte bati eraso egin eta auto batean indarrez sartzen saiatzen ari zirela ohartaraziz abisua jaso zuen Ertzaintzak.
Agenteek autoa aurkitu zuen, barruan lau atxilotuak zaudela. Autotik gertu, gainera, bi katana, hiru gurutzeta-ezpata eta lau eskularru pare aurkitu zituzten, ustez lau atxilotuek jaurtikitakoak.
Biktimak Ertzaintzari azaldu zionez, atxilotuetako batek arma batekin mehatxatu zuen, bien arteko eztabaida baten ondoren. Borroka piztu zen eta lurrera erori ziren biak. Orduan, autotik gainerako hiru lagunak irten ziren, eta gaztea autoan sartzen saiatu ziren. Biktimak ihes egitea lortu zuen.
Joan den ostegunean bertan geratu ziren epailaren esku atxilotuak. 22 eta 24 urte arteko lagunak dira, eta horietatik bik aurrekariak dituzte.