Gizartea -
Iragarpena
Tenperaturek hamar gradu behera egingo dute, asteburuan
Mendebaldetik beroa arinduz joango da, baina Nafarroan ez da aldaketa nabarmenik espero eta bertan 35 ºC-ren muga gaindituko du termometroak.
Erredakzioa
Euskalmetek egin duen asteburuko eguraldiaren iragarpenaren arabera, ipar haizeak giroa freskotuko du eta kantauri isurialdean euria ere egin lezake.
Ostiralean, mendebaldetik beroa arinduz joango da, baina Nafarroan ez da aldaketa nabarmenik espero eta bertan 35 ºC-ren muga gaindituko du termometroak. Kostaldean tenperaturaren beherakada esanguratsuagoa izango da eta bereziki Bizkaian, balio beroenak 30 ºC-tik behera geratuko baitira. Gainontzeko tokietan oraindik tenperatura 30 ºC-tik gora igoko da. Goiza eguzkitsua izango da eta fronte bati loturiko hodeiak arratsaldean iritsiko dira, eta zaparrada trumoitsuren bat bota dezake, bereziki Gipuzkoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian.
Larunbatean zerua nahiko estalia agertuko da ipar partean eta tarteka busti egingo du, bereziki kantauri isurialdean. Hegoaldean zerua txukunago egongo da eta giroa jasangarria izango da iparraldeko haizeak giroa freskatuko baitu. Oro har, termometroak ez du 30 ºC-ren muga gaindituko, Nafarroa hegoaldeko txokoren baten salbu, eta ipar partean 25 ºC-tik ezin pasa ibiliko da.
Igandean nahiko ilun agertuko da zerua egunsentian ipar partean eta bertan seguruenik zertxobait bustiko du oraindik. Hegoaldean aldiz, ostarte politak gailenduko dira. Arratsaldean zerua garbituz joango da eta eguzki-giroa nagusituz. Eguneko tenperatura beroenak apur bat igoko dira; Nafarroa erdi eta hegoaldean 30 ºC-ren muga gaindituko dute eta gainontzeko tokietan 25 eta 30 ºC artean mugituko dira.