Gizartea -
Santiagoko ezbeharra
Istripuaren unean sakelakoa patrikan zuela esan du ikuskatzaileak
Santiagoko tren istripua gertatu baino lehenago gidariari telefonoz deitu zion Antonio Martin Marugan ikuskatzaileak lekuko gisa deklaratu du.
Erredakzioa
Tren istripua gertatu zen unean eskuko telefonoa patrikan zuela adierazi du Antonio Martin Maruganek, Santiagoko tren istripua gertatu baino lehen gidariari telefonoz deitu zion txartel-ikuskatzaileak, kazetarien aurrean.
Ezbeharra ikertzen ari den Luis Alaez epaileak 10:00etan deklaratzera deitu du treneko ikuskatzailea, eta horrek kazetarien aurrean hitz egin du Santiagoko epaitegira sartu aurretik.
Francisco Jose Garzon tren gidariari telefonoz deitu ziola adierazi du, baina istripuaren unean sakelakoa patrikan zuela erantsi du.
Antonio Martin Marugan 09:15an heldu da epaitegira, eta minutu batzuk geroago kalera atera da. Hala ere, 10:00etarako, berriz barrura sartu da epailearen aurrean deklaratzeko.
Telefono-deia
Uztailaren 24an ezbeharra izan zuen treneko ikuskatzailea eta makinaria telefonoz elkarrekin hitz egiten ari ziren istripua gertatu baino hamaika segundo lehenago, El Pais egunkariak argitaratu duenaren arabera. Egunkarian, Polizia Zientifikoak kutxa beltzetan topatutako datuak aipatzen dituzte.
"Francisco Jose Garzon 199 kilometro orduko abiadurarekin gidatzen ari zen trena, Antonio Martin Marugan ikuskatzailearen deiari erantzun zionean. Deia 20:39:06an izan zen, ezbeharra baino bi minutu lehenago", gaineratu du egunkariak.
"Errailetik atera zenean (20:41), trenaren abiadura 179 km/h-koa zen. Elkarrizketaren azken soinua 20:40:55ean izan zen, ezbeharra baino 11 segundo lehenago eta bihurgunea hartzeko 400 metro falta zirenean".
"Txostenaren arabera, elkarrizketak minutu bat eta 40 segundoko iraupena izan zuen (20:39:15etik 20:40:55era), baina ez dakite biek noiz eskegi zuten. Garzon gidariaren azken soinua da jaso den gauza bakarra", El Pais egunkariaren arabera.
Maruganek erantzukizunik ez duela dio Luis Alaez epaileak autoan, eta hipotesi nagusia gidariak trena gaizki gidatu zuela da. Treneko ikuskatzailearen deia "zuzena" dela uste du epaileak, sektorean ohiko prozedura baita. Deia trena errailetik ateratzeko arrazoia izan ez zela dio magistratuak, nahiz eta, aukeratutako uneagatik eta trena nondik zihoan ikusita, "desegokia" izan. Hala ere, arduragabekeria leporatzeko nahikoa ez dela uste du.