Gizartea -

Aste Nagusia

Ehunka pertsona bildu dira Bilbon, eraso sexisten aurka

Arriagan egin dute protesta, Bilboko Konpartsek deituta. Konpartsek salatu dutenez, gizonezko batek emakume bat iraindu zuen, eraso egin zion eta lurrera bota zuen

Ehunka pertsona bildu dira Bilbon, eraso sexisten aurka. EiTB
Ehunka pertsona bildu dira Bilbon, eraso sexisten aurka. EiTB
Ehunka pertsona bildu dira Bilbon, eraso sexisten aurka. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsona bildu dira gaur arratsaldean, Arriaga plazan, Bilbon, Bilboko Konpartsek deituta, eraso sexisten aurka, eta astelehen goizaldean emakume gazte batek izandako erasoa salatzeko. Dirudienez, gizonezko batek emakumea iraindu zuen, eraso egin zion eta lurrera bota zuen.

Ustezko erasotzailea (26 urte ditu) konpartsako kideek geldiarazi zuten, eta erasoarekin jarraitzea ekidin zuten. Gizonezkoa astelehenean, 05:00etan, atxilotu zuen Udaltzaingoak, eta haiekin ere liskarrak izan zituen.

Elkarretaratzean 15 minutuko isilunea egin dute, "Eraso sexistarik ez" irakur zitekeen pankartarekin. "Emakumea, salatu zure erasotzailea" eta "Eraso bat bera ere ez erantzunik gabe" oihuak ere entzun dira.

Ekitaldia amaitu ostean, Itziar Villafañez Bilboko konpartsen bozeramaileak eraso sexisten aurkako protokoloa aktibatu beharra deitoratu du.

"Ezin da eraso bat bera ere onartu. Festak aske bizitzeko dira, berdintasunean, eta, tamalez, festara gerturatzen direnen askatasuna mugatu nahi duten pertsonak daude", azaldu du.

Astelehenean gazteak sufritutako eraso "larria" salatu ostean, hau bakarra izan ez dela adierazi du, "behin baino gehiagotan jai gunetik pertsonaren bat bota behar izan dutelako emakumeei beste eraso mota batzuk egiteagatik, besteak beste, zirriak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea