Gizartea -
Ezbeharra
Eten egin dute Bizkaiko golkoan galdutako lau lagunen bilaketa
Baltsa batean daude, eta, Frantziak eskatuta, Itsas Salbamenduko hegazkin bat bilaketa lanetan laguntzen aritu izan da asteazken honetan. Gaua heldu denean, baina, eten egin dituzte.
Erredakzioa
Eten egin dituzte Bizkaiko golkoan galdutako lau lagunen bilaketa lanak. Bilbotik 30 itsas miliara eta Hendaiatik beste hainbestera, itsasoan galdutako lau lagunen bila aritu izan dira asteazken honetan, baina, gaua heldu denean, lanak eten behar izan dituzte. Bihar ekingo diote berriz.
Baltsa batean daude lau lagunak, eta Frantziak eskatuta, Itsas Salbamenduko hegazkin bat laguntzen aritu izan da. Jose Luis Solis Bilboko koordinazio guneko buruak azaldu duenez, Frantziako Itsas Salbamenduak laguntza eskatu die ontzia aurkitzeko. Antza denez, ontzia Frantziako uretan dago.
Itsas Salbamenduko hegazkina, Frantziako armadako hegazkin bat eta helikoptero bat aritu dira bilaketa lanetan. Ustez, inguruan izandako hondoratze batetik bizirik ateratako lagunak izan daitezke.