Gizartea -
Lau gazte atxilotuta
Pisuaren leiho batean eskegita harrapatu dute lapur bat Donostian
Etxebizitzaren jabeak norbait leihoetako batetik eskegita zegoela sumatu zuen, eta, harrapatuta zegoela ikusita, ustezko lapurra bertatik jaitsi eta ihes egiten saiatu zen.
Erredakzioa
Lau gazte atxilotu dituzte Donostian, horietako bat Altza auzoko etxebizitza bateko jabeak leihoetako batetik eskegita harrapatu ostean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atzo 19:15ean Txapinene kaleko pisu bateko jabeak soinu arraroak entzun zituen bere etxebizitzaren kanpoaldean.
Jarraian, pertsona bat leihoetako batetik eskegita zegoela ikusi ostean, ustezko lapurra bertatik jaitsi eta ihes egiten saiatu zen.
Zerbitzuz kanpo zegoen ertzain bat gertaera horren lekuko izan zen, eta susmagarria Volkswagen Golf auto batean sartu zela ikusi zuen, Herrera pasealekuko aparkalekuraino segika joan zitzaion, eta, bertan zeudela, agenteak heldu eta auto barruan zeuden lau pertsonak atxilotu zituzten.
Atxilotutakoak 24, 21, 20 eta 16 urteko gizonezkoak dira. Datozen orduetan, epailearen aurretik pasatuko dira.