Gizartea -
ESS
Bilboko neutroien espalazio iturria, kolokan
Proiektuko arduradun gorenak kargugabetu izanak zalantzan jarri du proiektuaren etorkizuna. Horrez gain, aurrekontuan ere murrizketak egon dira eta oraindik ez dira egoitza eraikitzen hasi.
Erredakzioa
Bilboko Espalazio Iturri europarraren (ESS) kontseiluak kargugabetu egin ditu Joan Bordas eta Javier Bermejo, Bilboko neutroien espalazio iturriko zuzendari exekutiboa eta zuzendari zientifikoa.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erdibana finantzatzen duten ESS erakundeak, atzo egindako bilera batean hartu zuen erabakia, hainbat hedabidek zabaldu dutenez.
Proiektuko arduradun gorenak kargugabetu izanak zalantzan jarri du proiektuaren etorkizuna. Horrez gain, aurrekontuan ere murrizketak egon dira eta oraindik ez dira Bizkaiko EHUren kanpusean egin behar zuten egoitza eraikitzen hasi.
Espainiako Gobernuak ez du bere zatia ordaindu
Bere garaian Madrilgo eta Gasteizko gobernuak egin zuten akordioaren arabera, 180 milioi euroko inbertsioa egin behar zuten ESS-Bilbaon, baina Mariano Rajoyren Gobernuak ez zuen 2012an zegokiona ordaindu, eta aurten ere ez duela ordainduko iragarri du.
2005ean jarri zen martxan proiektua. Bilbo Suediarekin eta Hungariarekin lehiatu zen Europako neutroien iturriaren egoitza jasotzeko, baina, azkenean, 2009an, Suediako hautagaiak irabazi zuen.
Hala ere, urte horretan bertan, Bilbon azpiegoitza bat eraikitzea erabaki zuten, eta eraikinaren lehenengo harria ere jarri zuten, baina hor geratu zen proiektua.