Gizartea -

Heriotza

Jean Haritschelhar euskaltzaina hil da

Gaur goizean hil da 16 urtez Euskaltzaindiko buru izandakoa, hainbat egunez larri egon ostean.

Jean Haritxelhar Euskaltzaindiako buru ohia hil da. Argazkia: EiTB
Jean Haritxelhar Euskaltzaindiako buru ohia hil da. Argazkia: EiTB
Jean Haritschelhar euskaltzale handia hil da, 90 urterekin

3:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean Haritschelhar euskaltzain, politikari eta literatura ikerlaria zendu da igande honetan Miarritzeko klinika batean, hainbat egunez larri egon ostean.

Hil-kapera astelehenean zabalduko dute Baionako beilatokian, 09:00etan, eta 19:00ak arte egongo da irekita; hileta-elizkizuna, ordea, asteazkenean izango da Baigorrin, bere sorterrian, 16:00etatik aurrera.

1962ko uztailaren 27an euskaltzain oso izendatu zuten, eta Euskaltzaindiko presidente izan zen 16 urtez, 1989tik 2005era bitartean. Andres Urrutiak ordezkatu zuen karguan, eta 2006ko uztailaren 20an euskaltzain emeritu izendatu zuten.

Haritschelhar 1923ko maiatzaren 13an jaio zen Baigorrin, baina gaur egun Angelun bizi zen. Letretan doktorea, Ageneko lizeoko irakasle izan zen 1952tik 1959ra bitartean, eta euskara eta literatura irakasle izan zen Bordeleko Unibertsitatean. 1988an doctor honoris causa izendatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), eta 2010ean UNEDek, Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitateak, izendatu zuen.

1962an, Baionak Euskal Museoko zuzendari izendatu zuten, eta, 2004an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen.

Politikan ere parte hartu zuen, eta 1971 eta 1980 bitartean Baigorriko alkate izan zen.

Andres Urrutia egungo Euskaltzaindiko buruak Euskadi Irratiari esandakoaren arabera, ostiralean bisitatu zuen, eta "nahiko ondo" aurkitu zuen, larritasunaren barruan: "Zer zeukan jakitun zen, eta betiko moduan oso zaldun ikusi nuen". Haritschelharren zaldun izaera hori nabarmendu nahi izan du, eta bere buruaren jabe zen, eta hori islatzen eta agertzen zuen pertsona zela nabarmendu du.

Urrutiaren esanetan, urte luzetan ikurra izan den pertsona galtzen du euskalgintzak. "Aurrera egin behar dugu orain, haren eredua badugu eta haren lorratza ere bai", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea