Gizartea -

Valentziako metro istripua

Biktimen elkarteak akusazio partikular izatea eskatu du

Auziaren inguruko informazio guztia jasotzeko egin du eskaera elkarteak. Fiskaltzak zer eginbide agindu dituen jakin nahi dute, "horiekin bat egin edo beste batzuk eskatu behar ditugun jakiteko".

Beatriz Garrote eta Vicente Baeza, Valentziako Justiziaren Hiriko atarian. Argazkia: Efe.
Beatriz Garrote eta Vicente Baeza
Beatriz Garrote eta Vicente Baeza, Valentziako Justiziaren Hiriko atarian. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

3 de Julio de 2006 Valentziako metro istripuaren biktimen elkarteak hemendik aurrera auziko eginbide guztietan akusazio partikular izatea eskatu du gaur. 2006ko uztailaren 3an Valentziako Metroaren 1. linean izan zen istripua "eragin ahal izan zuten balizko kausa guztiak benetan ikertzea" da taldearen helburua. Istripu hartan, 43 pertsona hil ziren, eta 47 zauritu.

Elkarteak idazki bat aurkeztu du gaur Valentzian, Justiziaren Hiriko erregistroan, auzian pertsonatzea eskatzeko. 21 zenbakiko epaitegiko epaileak du orain hitza, uztailean Fiskaltzak auzia berriz zabaltzeko eskatu eta gero, oraindik ez baitu erantzunik eman eta, hortaz, auzian ez baita oraindik berritasunik izan.

Uztailaren 22an, istripuaren ondoren abiatutako eginbideak berriz zabaltzeko eskatu zuen Fiskaltzak; izan ere, haren aburuz, "gertakari eta datu berriak daude, baita bere garaian kontuan hartu ez baziren ere istripua izan zuen trenaren egoeran eragina izan zezaketen beste elementu batzuk ere".

Beatriz Garrote istripuaren biktimen elkarteko presidentearen hitzetan, Fiskaltzak zer eginbide eskatu dituen jakiteko pertsonatu nahi dute auzian, "horiekin bat egin edo beste batzuk eskatu behar ditugun jakiteko".

Gainera, auziaren instrukzio "oso, serio eta zabala abiatzea eta, erantzukizuna gidariaren bizkar bakarrik jarri barik, istripuaren balizko kausa guztiak eta segurtasun neurri nahikorik izan ote zen aztertzea" nahi du elkarteak.

Vicente Baeza elkartearen legezko ordezkariak esan duenez, pertsonazioa onartzen badute –"10 edo 15 eguneko epean jakingo da hori"- elkarteak auziaren inguruko informazio guzti-guztia izango du eskura.

"Instrukzioaren ardura duen epaileak ez zigun inoiz gehiegizko abiaduraren argumentuari ez zegokion ezer esaten utzi. Gure ustez, gauzak ez ziren behar bezala aurreikusi eta ez zegoen segurtasun neurri nahikorik. Gainera, ez zegoen konboiak bihurgunea gehiegizko abiaduran ez hartzeko balizarik, eta horrek eragin zuen tragedia, Santiagoko istripuan bezala", esan du Baezak.

Beatriz Garrote elkarteko presidentearen esanetan, "itxaropentsu" daude "istripua argitzeko eta instrukzio duin eta bidezkoa izateko aukera berri" honen aurrean; hala ere, "zuhur" jokatu nahi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Epaiketak albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Tren istripuak azken ordukoa Valentzia albisteak