Gizartea -

Santurtzi

Lau adingabe harrapatu ditu ziklomotor batez, Poliziarengandik ihesi

Santurtziko Udaltzaingoak 22 urteko gizonezko bat atxilotu du, udaltzainengandik ihesi ari zela zebra bide batean lau adingabe harrapatzea leporatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abuztuaren 31n, 20:05ean, udaltzainek ziklomotor baten gidaria geldiarazi zuten, ibilgailuan irregulartasun batzuk atzemanda, Santurtziko Udalak emandako informazioaren arabera.

A.C.M. gidariak (Santurtziko bizilaguna, 22 urte) ez zien agenteen aginduei jaramonik egin: abiadura handitu, eta ihes egin zuen. Orduan, polizia patruila haren atzetik abiatu zen, Santurtzi eta Portugalete udalerrietako kaleetatik.

Ziklomotorreko gidariak hainbat semaforo gorri zeudela pasatu zituen, "arduragabekeriaz eta ausarkeriaz gidatuz eta bidetik zihoazen gainerako herritarren segurtasuna arriskuan jarriz", Udalaren oharraren arabera.

Portugaleten, Simon Bolivar kalean, ziklomotorreko gidaria semaforo gorri batean geldirik zegoen furgoneta bat aurreratzen saiatu zen, eta oinezkoentzako pasabidetik igarotzen ari ziren lau adingabe harrapatu zituen.

Kolpearen ondorioz, gidaria lurrera jausi zen, eta oinez jarraitu zuen ihes egin nahian, baina agente batek harrapatu egin zuen, beste udaltzain bat biktimak artatzen gelditu zen bitartean.

Harrapatu zituen lau gazteak zauritu egin ziren. Larritasun maila ezberdineko zauriak egin zituzten, batzuk nabarmenak, eta larrialdi zerbitzuek artatu zituzten, gertakariaren tokian bertan. Azkenik, Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea