Gizartea -
EGUERDIRA ARTE, BEROA
Egunotako bero handiari agur, euriari lekua uzteko
Eguraldi eguzkitsuak azkena jo du oraingoz gurean, ostegun eguerditik aurrera ezegonkortzera egingo baitu: euria espero da ostegun-ostiraletarako.
Erredakzioa
Egunotako giro bero-beroa ostegunean etengo da, eta, eguerditik aurrera, ezegonkortzera egingo du eguraldiak. Goizean, eguzkiak gogoz joko du oro har, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak gorabehera. Alabaina, arratsaldean bero-hodei horiek ugaritu egingo dira, eta oso litekeena da zaparrada trumoitsuak izatea. Kostaldean, tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira; 25 ºC-ren bueltan geratuko dira. Barrualdean, ostera, jaitsiera ez da horren nabarmena izango, eta 30 ºC-ren bueltan ibiliko dira termometroak.
Ostiralean, are okerragora egingo du giroak: zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada trumoitsuak izango dira, batez ere arratsaldetik aurrera; are gehiago, baliteke zaparrada horiek handiak izatea zenbait lekutan. Dena dela, Euskalmeten iragarpenaren arabera, zaparrada horien aurretik, goizean, hodeitza saretua egongo da, ostarteak ikusiko ditugu eta oso euri gutxi egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bizi samar, eta kostalde eta mendi inguruetara ufada gogorrak ekarriko ditu. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira barnealdean, eta gutxixeago kostaldean; 23-26 ºC-ko balioak espero ditugu.