Gizartea -
Azken agurra Baigorrin
Euskalgintzaren ordezkaritza zabala, Jean Haritschelharren hiletan
Eliza gainezka egon da, erakundeetako, politika munduko eta euskal gizarte eta kultura arloko ordezkaritza zabala bildu baita bertan euskaltzainburu ohiari azken agurra emateko.
Erredakzioa
Euskal Herri osoko erakundeetako, politika munduko, eta kultura eta gizarte arloko ordezkari ugari bildu dira asteazken honetan Baigorriko (Nafarroa Beherea) Saint-Etienne elizan, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren hiletan. Idazle eta euskaltzalea igandean hil zen, Biarritzen, 90 urte zituela, gaixotasun larri baten ondorioz.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkari izan dira elizkizunean, tartean Cristina Uriarte Kultura sailburua eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia ere bertan egon da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Josune Ariztondo Kultura diputatua eta Ana de Castro Euskara zuzendaria ere elizkizunetara bertaratu dira.
Halaber, EAJko ordezkari gisa, Pilar Garcia de Salazar EBBko idazkaria, Manu Aierdi NBBko presidentea, Lorea Bilbao burukidea eta Txaro Goikolea IBBko presidentea izan dira Baigorrim.
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea ere hiletan izan da, eta, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea eta Denis Itxaso Donostiako Udaleko zinegotzia izan dira Euskadiko sozialisten ordezkaritzan.
Iñaki Oiarzabal PPko idazkari nagusia eta Laura Garrido Alderdi Popularreko legebiltzarkidea ere han izan dira.
Gizarte eta kultura mailako ordezkaritza
Euskaltzaindiaren ordezkaritza zabal bat ere bildu da Baigorrin, tartean Miren Azkarate eta Andres Urrutia euskaltzainburua bera ere.
Horrez gain, euskalgintzako eta euskal kulturaren ordezkari ugari ere izan dira elizkizunean, besteak beste, Anje Duhalde eta Niko Etxart kantariak, Sebastian Lizaso eta Mixel Aire bertsolariak, Xabier Euzkitze kazetaria, Bernardo Atxaga idazlea eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea.