Gizartea -
2013-2014 ikasturtea
Deustuko errektore taldea berritu dute
Errektoretzako taldean aurpegi berri bat izan da, Cristina Iturriozek Ikerketa eta Transferentziako ardura hartuko baitu.
Erredakzioa
Deustuko Unibertsitateak errektoreorde eta dekano berrien kargu hartze ekitaldia ospatu du asteazken honetan, Jose Maria Guibert errektorea buru zela.
Errektoretzako taldean aurpegi berri bat izan da, Cristina Iturriozek Ikerketa eta Transferentziako ardura hartuko baitu. Gainerako errektoreordeek mantendu egingo dituzte aurretik zituzten karguak, aldaketa txikiren batekin.
Dekanoei dagokienez, Josu Solabarrietak eta Ines Magdalena Jacobek berritu egin dituzte Psikologia eta Hezkuntza eta Ingeniaritzako fakultateetan zituzten karguak, hurrenez hurren.
Izendatu dituzten errektoreordeak hauexek dira: Begoña Arrieta Ikasketen Antolamenduko eta Irakaskuntzaren Berrikuntza eta Kalitateko errektoreordea eta Idazkari Nagusia izango da; Jose Javier Pardo Irakasleen eta Izaera eta Misioko eta Donostiako campuseko Errektoreordetzaz arduratuko da; lvaro de la Rica Nazioarteko Harremanez eta Ikasleez arduratuko da; eta Roberto San Salvador del Vallek Komunikazio, Eleaniztasun eta Gizarte Berrikuntzako errektoreorde izaten jarraituko du.
Dekanoen eta errektoreordeen izendapeneko ekitaldia xumea eta barnekoagoa izan da, Guiberten hitzetan, irailaren 11n izango den 2013-2014 ikasturtearen hasiera ofizialarekin alderatuta. Halere, agian "garrantzi handiagokoa" izan dela aipatu du, "kanpora begirako ekitaldiak ezin baitira gertatu, barnekoak, pertsonak, ondo finkatuta eta antolatuta ez badaude". Guiberten aburuz, "egiten dugun asko, berritzailea izan arren, barneko lana izango da, askotan ezkutukoa, pertsonen arteko harreman asko eskatzen duena, izapide ugari eskatzen duena gauzak ondo lotzeko".
"Barnean egiten dugun lan hori guztia izango da kanpoan egingo dugunaren oinarri eta bidea emango du Deustuk inguruko gizarteari unibertsitateko zerbitzua emateko", zehaztu du.