Gizartea -
Bost ibilgailu
Gazte bat hil da Ezkirotzen izandako istripu batean
Emakumezko bat hiltzeaz gain, bost lagun zauritu dira, A-15ean bost ibilgailuk talka eginda. Kamioi bat kontrako bidean sartu eta irauli egin da, eta lau ibilgailuk ezin izan dute saihestu.
Erredakzioa
26 urteko neska bat hil da eta bost lagun zauritu dira Nafarroan, A-15 autobidean, Ezkirotzen, hainbat ibilgailuk izandako istripu batean. Kamioi bat, bi auto, furgoneta bat eta motor bat nahasi dira bertan.
Bi gizonezko larri zauritu dira, traumatismo ugari baitzituzten, eta Nafarroako Ospitale Gunera eraman dituzte. Beste bi gizonezkok zauri arinagoak egin dituzte.
Ezbeharra 15:23an jazo da, A-15 autobidearen 85,5. kilometroan. Iparralderantz zihoan kamioi bat kontrako bidean sartu eta irauli egin da, bi noranzkoak bereizteko tartea zeharkatu ondoren. Une horretan bertatik zihoazen bi autok, furgoneta batek eta motor batek ezin izan dute ezer egin bidean aurrez aurre aurkitu duten kamioia saihesteko, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Lau ibilgailu horiek jo ondoren, kamioiak su hartu du, eta suak ibilgailu guztiak harrapatu ditu.
Lehen ikerketen arabera, kamioiari gurpiletako bat lehertu zaio.
Autoetako batean zihoan emakume bat bertan hil da, kiskalita. Zaurituek, berriz, traumatismoak eta hausturak dituzte.