Gizartea -
Auzitegi Konstituzionala
Auzitegi Nazionalak Konstituzionalera eraman du tasa judizialen legea
Audientzia Nazionalaren aburuz, tasen ordainketak herritarrek epaitegietara jotzeko duten eskubidean eragina izan dezake eta babes judizial eragingarria oztopatu.
Erredakzioa
Tasa judizialen inkonstituzionalitatearen inguruko auzia aurkeztu dio Auzitegi Nazionalak Auzitegi Konstituzionalari. Lege horrek oinarrizko legeak urratzen dituen galdetzen dio Auzitegi Nazionalak, herritarrek zerbitzu publiko horretara jotzeko duten eskubidea baldintzatu dezakela uste baitu.
Ostiral honetan argitaratu den epaian jasotzen denez, administrazioarekiko auzien salako zazpigarren sekzioko magistratuek uste dute tasen ordainketak herritarrek epaitegieetara jotzeko duten eskubidean eragina izan dezakela eta babes judizial eragingarria oztopatu.
Epaiaren arabera, tasa bat onartzea konstituzionala da "muga, prozedura eta egoera batzuen baitan egiten den bitartean". Gaineratzen du, ordea, tasak jurisdikziora jotzeko eta babes judiziala jasotzeko eskubidea baldintzatzea ezin dela konstituzionala izan.
Kaleratutako autoan jasotzen denez, "tasen ez ordainketen ondorioek beharrezkoak ez diren oztopoak eragin ditzake legegileen helburuetan". Doako laguntza juridikoak herritarren gehiengo ez duela babesten gaineratu du.