Gizartea -

Alardea Hondarribin

Plastiko beltzez estalita esnatu da Hondarribia

Segurtasun sailak plastiko beltzik ez jartzeko eskaera egin diete Alarde tradizionalaren aldekoei. Hala ere, gaur, Hondarribiko kale nagusiak plastiko beltzez estalita daude.

Jaizkibel konpainiaren desfilea, gaur
Plastiko beltzen artean ospatu dute Alardea Hondarribian

2:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Sailak egindako eskaera aintzakotzat ez dute hartu Alarde tradizionalaren aldekoek. Izan ere, emakumeak Alardean soldadu gisa parte hartzearen kontra daudenek plastiko beltzez estali dute, gaur, Hondarribiko kale nagusia.

Jaizkibel konpainiako kideei, berriz, Jaurlaritzatik desfilea ez dezatela manifestazio itxuran egin eskatu diete. Hori dela eta, alarde parekideko kideak, aurten, pankartarik gabe atera dira.

Jaizkibel Konpainia, alegia, Alarde parekidea, goizeko 08:25ean abiatu da Zumarditik eta alarde tradizionala, berriz, 08:55ean atera da, Gernikako arbolaren pasealekutik.

Bien bitartean, Hondarribiko jaiegun nagusiaren Alardeak Jaizkibel gizonez eta emakumez osatutako konpainiaren aldarrikapena izan du ardatz nagusia, desfilean sexuen aldeko berdintasuna izatea eskatzeko.

 

Pertsonaia publikoak, mistoaren alde

Martin Garitano, Gipuzkoako diputatu nagusia, izan du buru Aldundiak igandean Hondarribira, Alardean Jaizkibel konpainia mistoa babestera, bidali duen ordezkaritzak. Arartekoa eta Emakunde ere Gipuzkoako herrian izan dira, babesa bertatik bertara erakusten.

Foru erakundeak ohar batean adierazi duenez, "euskal erakunde guztiek Hondarribiko Alardean berdintasunarekin konpromisoa dutela erakutsi behar dute ezinbestean", eta elkarrekin lan egin behar dute "eskubide horren inguruko zalantzarik onartzen ez duen egoera batera heltzeko".

Halaber, "berdintasuna" jaietan nagusi izan behar duela azpimarratu du Garitanok.

Laura Gomez Berdintasun zuzendariak, Garitanorekin batera izan da jaian, Jaizkibel konpainia mistoari "esker ona" erakutsi dio, eta haientzako "errespetua" eskatu du.

Bestalde, Arartekoak Hondarribiko Alardeko gatazka oraindik konpondu gabe egotea deitoratu du, ohar batean. Izan ere, "emakumezkoek jaiko ekitaldi nagusian parte hartzeko eskubidea ote duten zalantzan jartzen da oraindik".

Horrez gain, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak ere Jaizkibel konpainiaren desfilea bultzatu du, eta erakunde publikoen eginbeharrak hartu ditu hizpide: "Legez, hala nahi duten emakumeek gizonezkoek bezala ospakizun horretan parte hartu ahal izateko oztopoak ezabatu eta beharrezko neurriak ezarri behar dituzte". Bestalde, festek ezin dutela berdintasunaren aurkako egoera bat iraunkortu  gaineratu du Landaidak.

Parekidetasuna sustatzen jarraitzeko urratsak egin behar direla nabarmendu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Emakundek eta Arartekoak. Eta erakunde publiko guztiei esku hartzeko eskatu diete, Hondarribiko alardean gertatzen dena konpontzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea