Gizartea -
Ikasturtea hasiko dute bihar
Bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleeen txanda
Ikasturtea berritasunekin etorriko da, aurten, Bigarren Hezkuntzan. Euskadiko 13 institutuk "Hauspoa" proiektua jarriko dute martxan. Unibertsitateko ikasleek ere, bihar, hasiko dute ikasturtea.
Euskal Autonomia Erkidegoko 13 institutu publiko ikasleen errendimendua hobetzen saiatuko dira aurtengo ikasturtean. Horretarako, "Hauspoa" proiektua jarriko dute martxan. Eusko Jaurlaritzak Bigarren Hezkuntzarako proposatu duen proiektu pilotua da, eta egungo hezkuntza egokitzeko asmoz jaio da.
Institutu horietako ikasleek klase guztiak goizean emango dituzte, eta arratsaldean jarduerak eta ekintzak eskainiko dira ikastetxean bertan.
EHU/UPVko matrikulen kostua mantenduko da
Unibertsitateko ikasleek ere, bihar, hasiko dute ikasturte berria. Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak hasten dituen ikasleak 850 euro ordaindu beharko ditu matrikulagatik. Hezkuntza sailak adierazi duenez, EHU/UPVko matrikulen kostuari Kontsumorako Prezioen Indizea gehitu zaio. Mondragon eta Deustuko unibertsitate pribatuetan, berriz, matrikulek 8.400 edo 9.360 euroko kostua izango dute.
Urkullu EHU/UPVko ikasturte hasieran izango da
Iñigo Urkullu lehendakaria, bestalde, bihar, Donostian izango da, EHU/UPVko ikasturte hasieraren ekitaldian.