Gizartea -
Jazoera
Gizon baten hilotza topatu dute Bilboko Itsasadarreko uretan
Bilboko uretan gaur agertu den bigarren gorpua da. Gorpua Elorrietako bihurgunearen parean aurkitu dute.
Erredakzioa
Bilboko suhiltzaileek Bilboko Itsasadarrean agertu den gizon baten hilotza erreskatatu dute gaur, igandea, arratsaldean.
Gorpua 18:30ak pasatxo zirenean topatu dute, Elorrieta parean, San Inazio auzoan, Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez.
19:00ak jota zirenean, suhiltzaileek gorpua uretik atera eta Itsasadarreko bazterrera eraman dute. Bertatik gorputegira eramango dute.
Momentuz argitzeke dago zelan hil den gizona.
Gaur, igandea, Bilbo inguruko uretan agertu den bigarren gorpua da, goizean gizon baten gorpua topatu eta berreskuratu dute Bilboko Portuko kontrol-dorretik gertu dauden arroka batzuen artean.
Portuko Agintaritzatik eta Gurutze Gorritik informatu dutenez, hilotza goizean antzeman dute aisialdirako itsasontzi batetik, eta Bilboko Portuari abisua eman diote.
Gurutze Gorriak bost sorosle eraman ditu ontzi batean, gorpua berreskuratzeko.
Hildako gizona Bilboko Portuko kontrol dorretik gertu dauden haitzen artean topatu dute; antza denez, itsasoak eraman du haraino.