Gizartea -
Larunbatean eta igandean
Hiru gizon atxilotuta Bizkaian eta Gipuzkoan bikotekideak jotzeagatik
Santurtzin, Donostian eta Bilbon gertatu dira atxiloketok. Atxilotuak 25 eta 52 urte artekoak dira.
Erredakzioa
Hiru gizonezko atxilotu dituzte azken orduetan Santurtzin, Donostian eta Bilbon, genero indarkeria delitu bana egitea leporatuta, bikotekideei eraso egiteagatik, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Lehenengoa larunbatean jazo zen, 16:30ean, Santurtzi herri bizkaitarrean. Ordu horretan, Ertzaintzaren polizia-auto batek etxebizitza batera jo zuen, emakume baten kontrako eraso baten abisua jaso ostean.
Behin bertaratuta, agenteek ikusi zutenez, begian eta eskuineko masailalbo-hezurrean kolpe bat zuen emakumeak; besoan eta bizkarrean urradurak zituen eta onartu zuen bere senarrak kolpatu, iraindu eta mehatxatu zuela.
Konprobatu ostean, agenteek biktimaren bikotekidea, 52 urteko gizonezko bat, atxilotu zuten, genero indarkeria delitu bat leporatuta.
Bestalde, Ertzaintzako zenbait agentek 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Donostian, genero indarkeria delitu bat ere ustez egiteagatik. Gertaerak Eustasio Amilibia kalean jazo ziren. Bertan, 19:00etan, atxilotuak bere bikotekideari eraso egin zion kalean.
Azkenik, igande goizaldeko 05:00ak aldera, beste gizonezko bat atxilotu dute Bilbon. Ordu horretan, Urkijo Zumardia kaletik zihoan poilizia-auto batek pertsona baten deia jaso du, etxebizitza bateko atari batean zegoen emakume batek laguntza behar zuelako.
Agenteak, heldutakoan, gizon bat ikusi zuten, emakumea etxetik irtetea galarazten. Agenteak bertan zeudela ikusita, gizonak atea zabaldu du, emakumea irteten uzten, eta azken honek eraso bat jasan duela, eta lehenengo aldia ez zela, esan die agenteei. Ertzainek urradurak eta ubeldurak ikusi dizkiote emakumeari.
Hori guztia ikusita, agenteek 25 urteko ustezko erasotzailea atxilotu dute, genero indarkeria delitu bat egitea egotzita.