Gizartea -
Leku arriskutsua
Gaminizen duela 10 egun harrapatutako emakumea hil da
Mungia Bidea kaleko zebra bide batean harrapatu zuten 75 urteko emakumea. Bizilagunek salatu dutenez, leku arriskutsua da oso.
Erredakzioa
Vicenta Rodriguez, duela 10 egun Gaminizen harrapatutako 75 urteko emakumea, hil egin da, leku horren arriskua salatzen ari den bizilagun elkarteak jakinarazi duenez.
Plentzia eta Gorliz herrien artean dagoen Mungia Bidea kaleko zebra bide baten harrapatu zuten emakumea, irailaren 5ean. Une horretan gogotik ari zen euria eta emakumea larri eraman zuten Gurutzetako Ospitalera, buruan kolpe handia zuela. Hamar egunera hil da.
Bizilagunen haserrea eragin du harrapaketak, "espero zitekeen gertaera" zelako, haien esanetan. Istripua jazo zenean, gune arriskutsu horretan elkarretaratzea egin zuen Gaminiz Bizirik bizilagun elkarteak, eta orain Gorlizko udaletxe aurrean egingo dute, astearte honetan osoko bilkura baino lehen.
Urteak konponbidea eskatuz
Gaminiz Bizirik elkarteak ohar batean adierazi duenez, Gorlizko eta Plentziako udal gobernuak dira ezbeharraren erantzule, aurrez tankerako istripuak saihesteko galdegindako segurtasun neurriak hartu ez dituztelako.
Mungia Bidea kalearen egoera arriskutsua da oso, haien hitzetan. Ez dago espaloirik eta bazterbiderik eta zebra bideak txarto marraztuta eta arriskutsu daude. Ezbeharra gertatu zen zebra bidea, adibidez, aldapadun autoen irteera batean bukatzen da.
Gaminiz Bizirik elkarteak gogorarazi duenez, bi urte baino gehiago daramatza San Jose auzoa arriskutsua dela salatuz. Denbora tarte honetan, behin-behineko segurtasun neurriak hartzeko galdegin diete Plentziako eta Gorlizko udalei, Mungia Bidea kaleko espaloi berriak egiten dituzten artean. Plentziara sartzeko autoek eta autobusek duten bidea da honakoa.
Eskaera hauen aurrean, "jaramonik egin" ez dutela salatu dute elkarteko kideek eta, gertaera lazgarri honen aurrean, jarrera aldatu eta bizilagunen segurtasuna handitzeko neurriak hartzeko galdegin diete.