Gizartea -
Bedian
Incoesa enpresako zazpi langile inputatu dituzte
Bediako Incoesa lantegiko makinak ateratzea oztopatzen saiatu diren zazpi langile inputatu ditu Ertzaintzak.
EITB.COM
Segurtasun sailak jakitera eman duenez, goizeko lehen orduan enpresako arduradunak eta batzordeko ordezkariak lantegian sartu dira. Hainbat ertzainen lagurtzaz eraikinean zeuden materialak ateratzen hasi dira.
Makinak jasotzeko lanak normaltasunez egin dira. Bien bitartean, kanpoan langileen bilkura egin da. LAB sindikatuak jakitera eman duenez, "langileek lantegia hustutzea ekidin nahi zuten".
Ertzaintzak materiala zeramaten ibilgailuak lagundu behar izan ditu enpresatik atera ahal izateko. Izan ere hainbat langilek bidea itxi die ibilgailuei eta ertzainei aurre egin die. Ertzaintzak zazpi langile identifikatu ditu eta eginbideak ireki dizkie ustez Hiritarren Segurtasun Legea urratzeagatik.
Ekoizpena, Soria eta Extremadurara
Joan den uztailean Durangoko auzitegiko gizarte arloko laugarren aretoko epaileak lantegia husteko baimena eman zuen. Transformadore elektrikoak egiten dituzte Incoesan.
53 langile ditu enpresak eta "gau eta egun" egon dira enpresaren kanpoko aldean arduradunek ekoizpena Soria eta Extremadurara eraman ez dezaten.
Langileak greba mugagabean daude maiatzaren 27az geroztik.
Bide juridikoa agortu
Langile batzordeak jakitera eman duenez, lantegia hustu izanak ez du esan nahi gatazka "amaitu denik". Langileek mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi du sindikatuak, eta lanpostua mantentzeko "bide juridikoa" agortuko dutela.
Juankar Vizanek, Hego-Uribe Arratia eskualdean LABeko ordezkaria metalaren atalean, adierazi duenez, gaur goizean lantegia hustu izanak "greba eskubidea urratzen du", eta enpresa konkurtsoan dagoenez, "ondasunak ostentzea izan daiteke".