Gizartea -
40 urteren ostean
San Markoko zabortegiak bere jarduna betiko etengo du
Zabortegiak 40 urtez jaso ditu hamar udalerriren zaborrak. Azaroan zigilatze lanak hasiko dira eta hori ospatzeko mankomunitateak festa egin du gaur.
Erredakzioa
40 urteren ostean, bere jarduna betiko etengo du, San Markoko zabortegiak. Mankomunitatea luzaroan egon da horren zain, eta behin betiko urrats hori ospatzeko festa egin du gaur. Izan ere, San arkoko zabortegiak 40 urtez jaso ditu hamar udalerriren zaborrak. Hiru milioi tona guztira, Anoetako zelaia 10 aldiz betetzeko adina.
Errenteriako Beraun auzoko bizilagunek, bestalde, zabortegi baten ondoan bizitzearen ondorioak jasan dituzte urteetan. Askotan irten dira kalera zabortegia ixtea eskatzeko eta, duela lau urte, utzi zioten bertan zarama biltzeari.
Gaur, behin betiko ixteko asmoz, azaroan zigilatze lanak hasiko direla ospatzen dute. 11 hilabete iraungo dute lanek eta hondakinak biltzen ziren lur eremua irauli egingo da. Gero, bost urtez kontrolpean egon beharko da erabilera publikoa eman baino lehen.
Ametzagaina, Lau Haizeta, Txoritokieta eta Aiako Harria parkeek osatzen duten korridoreari batuko zaio San Marko, baina hori ez da 2020 urtera arte izango. Izan ere, oraingoz transferentzia planta izaten jarraituko du.