Gizartea -

Madrilen

Emakume bat lau egunez trasteleku batean giltzapetu eta bortxatu du

Usteko erasotzailea atxilotu dute. Eraso egiteaz gain, Madrilgo Casa de Campora eraman zuen eta prostituitzera behartzen saiatu zen. Emakumeak, baina, uko egin zion.

Erreakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur Espainiako Poliziako agenteek Madrilen, lau egunez emakume bat trasteleku batean giltzapetu eta bortxatzeagatik, Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak ohar batean jakinarazi duenez.

Fisikoki zein sexualki eraso egiteaz gain, Madrilgo Casa de Campora eraman zuen eta prostituitzera behartzen saiatu zen. Biktimak, ordea, uko egin zion.

Lau egun eman zituen emakumeak trastelekuan giltzapetuta. Azken egunean, erasotzailearen deskuidu bat baliatu zuen, sakelako telefonoa kendu eta Poliziari deitzeko. Gizonezkoari, 19 urteko errumaniarrari, legez kontrako atxilotzea, sexu erasoa egitea eta prostituitzera behartzea leporatu diote.

Biktimak agenteei jakinarazi dienez, zortzi egun lehenago ezagutu zuen gizona. Egoera lazgarrian zegoen eta ez zuen non lo egin; gizonak haren etxera joatera gonbidatu zuen. Aurreko etxebizitzan zituen gauza batzuk hartu zituen , eta erasotzailearen etxebizitzara joan zen gizonezkoarekin.

Etxebizitza trasteleku bat zen, egiatan; koltxoi bat, mahaitxo bat eta ebatsitako argindarrez hornitutako bonbilla bat baino ez zuena. Emakumea, joateko beste lekurik ez zuenez, han geratu zen.

Lau eguneko amesgaiztoa

Lehen hiru egunetan ondo tratatu zuen gizonak, baina laugarrenean berarekin sexu-harremanak edukitzen saiatu zen; emakumeak uko egin zion. Bortxatzeari ekin zion orduan, egunean hainbat aldiz.

Are, prostituitzera behartzen ere saiatu zen gizona. Trastelekutik indarrez atera eta Casa de Campora eraman zuen. Bertan eztabaida gogorra eduki zuten, emakumea prostituituko ez zela ohartarazi baitzion; gizonak berriz eraman zuen trastelekura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea