Gizartea -

Espainiako Estatuko datuak

Indarkeria matxistaren biktima askok krisiagatik ez du salaketa jarri

Ondorio horretara iritsi da Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide eta Etxeko Indarkeriaren Behatokiko presidentea, azken 5 urteetan salaketa kopurua ia % 10 murriztu dela ikusita.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Etxeko Indarkeriaren Behatokiak jaso duen salaketa kopurua % 9,6 murriztu da krisia dela eta, azken bost urteotan, Inmaculada Montalban erakundeko presidenteak jakitera eman duenez.

BJKN-ko kideak balantzea aurkeztu du gaur eta 2013ko lehenengo seihilekoko datuak eman baditu ere, testuinguru zabalago batean kokatu nahi izan ditu.

2013an beheranzko joerari eusten dio emakumeen kontrako indarkeriagatik jartzen diren salaketa kopuruak. Aurreko urteetan ere beherantz egin du eta, Montalbanen arabera, egoera ekonomiko txarraren ondorio da hori.

"2008tik atzeman dugu joera hori, 2012 amaiera arte. Izan ere, indarkeria matxistagatik jarritako salaketen kopurua % 9,6 murriztu da epe horretan", azaldu du epaile espainiarrak.

Montalbanek ez du uste indarkeria kasuak murriztu direlako izan denik, baizik eta krisiagatik: "Mendekotasun ekonomikoa oztopoa da emakumeek auzitegietara jo dezaten, seme-alaben mantenuagatik kezkatuta bizi dira. Gainera, diru-laguntzak murriztuko dituztela entzuten dute, eta horrek ere atzera eginarazten die".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea