Gizartea -
Saria
Arzakek Londresen duen jatetxeak Michelin izarra lortu du
Juan Mari eta Elena Arzakek orain sei hilabete ireki zuten Ametsa jatetxea Londresen.
Erredakzioa
Juan Mari eta Elena Arzakek Londresen duten Ametsa jatetxeak lehen Michelin izarra lortu du. Erresuma Batuko eta Irlandarako sariak gaur eman dituzte ezagutzera, eta orain sei hilabete ateak ireki zituen jatetxeak lehen izarra lortu du.
Londreseko Belgravia auzo esklusiboko Halking bost izarretako hotelean dago Ametsa jatetxea. Jose Godoy jangelako buruak adierazi duenez, sariak ematen dituen gastronomia argitalpenak telefonoz egindako deian eman die sariaren berri. "Juan Mari eta Elenari deitu diegu ondoren. Oso pozik daude, Ametsak isladatzen duen ametsa apur bat gehiago bete baita", azaldu du.
Jangelako buruak esan duenez, "inork ez zuen saria espero". "Ez genuen espero. Gure asmoa jatetxea lasaitasunez sendotzea zen. Ez zara izarraren bila joaten, bere kabuz etortzen den zerbait da", kontatu du. "Izarra egonkortu behar da orain, eta eskua itxi", gaineratu du. Azpimarratu duenez, "izar honek bultzada emango die Londresen espainiar sukaldaritza berria egiten duten jatetxeei, paella eta kroketak baino gehiago eskaintzen dute eta"
Euskal sukaldariak lortu duen laugarren izarra da gaurkoa. Arzakek Donostian duen jatetxeak hiru Michelin izar ditu.
Londreseko Ametsa jatetxeak orain sei hilabete ireki zituen ateak. Urtebete lehenago, Restaurant argitalpenak ematen duen munduko emakume sukaldari onena izendatu zuen Elena Arzak.