Gizartea -

Genero indarkeria

Gizonezko batek bere bikotekidea hil du Madrilen

Gizonezko batek bere bikotekidea hil eta honen 12 urteko semea erietxera eraman behar izan dute, labanaz egindako zaurien ondorioz. Hildako emakumeak 38 urte zituen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goizaldeko hirurak inguruan izan da gertakizuna Madrilen, Hortaleza auzoan. Bere etxebizitzaren pareko atarian hika-mika bizia zela jakinarazteko telefonoz deitu dio auzokide batek poliziari.

Hainbat ajente eta larrialdietarako zerbitzuetako kideak iritsi direnean, emakumea hilik topatu dute. Lepoan heriotza eragin omen dion ebakia zuen eta osasun zerbitzuek heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin.

Etxebizitza berean, biktimaren 12 urteko semea artatu behar izan dute bi ebaki sakon zituela, bat buruhezurrean, odol isuri handiarekin, eta beste bat ezkerreko eskuan. Niño Jesus ospitalera eraman dute eta bertan ingresaturik dago baina ez horren egoera larrian.

Psikologoek, bestalde, mutikoaren zortzi urteko lehengusin bat eta bere ahizpa artatu behar izan dituzte baina zauririk ez zeukatela.

Ustezko erasotzailea, 42 urteko gizonezkoa, etxebizitza berean atxilotu dute hilketa argitzeko lanen ardura duten poliziek. Urruntze agindurik eta polizia aurrekaririk ez zuen atxilotuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea