Gizartea -
Iurbenor auzia
Fernandezek BEZ ordaintzeko 'borondaterik' ez zuela esan du Macuak
Bestalde, Jabyer Fernandezek "eskua kutxan" sartu duela salatu du Enrique Guzman Iurbentiako kontseilariordeak. Hazienda-ikuskatzaileek eta Miguel Aguirrek ere deklaratu dute.
Erredakzioa
Fernando Garcia Macua Iurbenorreko kontseilari ohiaren hitzetan, Jabyer Fernandez enpresaburuak Sefanitroko lursailak saldu eta gero "zentzurik" gabeko fondoen banaketa egin zuen, nahiz eta operazio horretako BEZ Bizkaiko Haziendari ordaindu behar ziola ohartarazi. Macuaren esanetan, enpresaburuak ez zuen ordaintzeko "borondaterik eta Aldundiaren bahitu bat zen".
Macuak deklaratu du Iurbenor auziko epaiketaren bigarren saioan. Akusatuak Jabyer Fernandez enpresaburua eta haren arreba Susana Fernandez dira. 10 urteko espetxe-zigorra eskatzen du Fiskaltzak.
Akusazioen eta Fiskaltzaren lekukoek hartu dute hitza gaur, besteak beste, Javier Oviedo Iurbentiako finantza zuzendariak, sozietate horretako beste bazkide batzuk eta bi hazienda-ikuskatzaileek. Iurbenorren mugimenduak ikertu zituzten hazienda-ikuskatzaileek.
Era berean, Fernando Garcia Macua Fernandezen aholkulariak deklaratu du. Macuak Fernandezen aurkako salaketa jarri zuen.
Bestalde, Jabyer Fernandezek "eskua kutxan" sartu duela salatu du Enrique Guzman Iurbentiako kontseilariordeak. Enpresaburuak Haziendari BEZ ordaintzeko borondaterik ez zuela errepikatu du Guzmanek. Horren berri izan zuenean salatu zuela erantsi du.
BEZ ordaintzera bideratu behar ziren bi kontu korronteetatik beste sozietateetara egindako mugimenduek "atentzioa eman" zietela adierazi dute hazienda-ikuskatzaileek. Gainera, bi kontuetan 12 milioi euroko soberakina zegoen.
Bestalde, Jabyer Fernandez, Joseba Aurrekoetxea eta Andoni Ortuzar EAJko buruzagiekin bilera batean parte hartu zuela onartu du Miguel Aguirre bazkideak. "Taldearen eta alderdiaren arteko jarrerak hurbiltzea" zen helburua, erantsi du. BEZren ordainketa atzeratzea eskatu zuen Fernandezek, baina Aldundiak ez zuen onartu.