Gizartea -
Bermeoko itsasgizonak Dakarren
Agintariak zuhur baina itxaropentsu, arrantzaleen itzulerarekin
Erkorekaren esanetan, arrantzaleak etxera itzultzeko aukera ona dagoela ematen du eta Jaurlaritzak bi aste daramatza arrantzaleen senideekin eta Kanpo Arazoetarako Ministerioarekin harremanetan.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu duenez, Senegalen epaitutako bi arrantzale bermeotarren itzuleraren inguruan aukera ona dagoela ematen du eta uste du "laster konponduko" dela eta arrantzaleak etxean izango direla.
Madrilen hedabideen aurrean egindako adierazpenen arabera, Jaurlaritzak bi aste daramatza Almadraba Uno atunontziko (Calvo enpresakoa) kapitainaren eta patroiaren senideekin harremanetan, hala nola, Kanpo Arazoetarako Ministerioarekin. Erkorekaren ustez, Ministerioa modu "eredugarri" batean kudeatzen ari da gertaera.
"Zuhurtzia eta diskrezioa" eskatu arren, Jaurlaritzako bozeramaileak epaiketaren ostean esan du "aukera ona dagoela ematen duela" eta "abokatuen ebazpena baikorra" dela. Halere, zehaztu duenez, oraindik beharrezkoa da "egun batzuk" itxarotea Senegaleko epaileen erabakia ezagutu arte.
Bestalde, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak bere babesa helarazi die kostako herri horretako arrantzaleei, eta "kezkatuta" baina "baikor" agertu da arrantzaleen itzulerarekin.
Ohar baten arabera, arazoa "lehenbailehen" konponduko dela ziur dago alkatea, arrantzaleak ahalik eta arinen etxera itzul daitezen.
Ekologiaren kontrako delitua
Bermeoko (Bizkaia) bi arrantzale Dakarren (Senegal) espetxeratu dituzte delitu ekologiko bat egitea leporatuta, gidatzen zuten atunontziak (Galiziako enpresa batekoa) babestutako gune batean hondoa jo ostean.
Atunontziak hondoa jo zuen Senegaleko kostako gune babestu batean abuztuaren 2an, eta geroztik bi arrantzaleak kartzelan daude, inkomunikatuta, delitu ekologiko bat egitea egotzita.
Epaiketa atzo, asteazkena, izan zen, eta epaia datorren astean jakinaraztea espero du.