Gizartea -
ONDARE HISTORIKOA
Butroeko gaztelua, salgai 10 milioi eurotan
Eraikinaren jabe den Inbisa enpresa taldeak Bizkaiarentzat erreferentzia turistiko berri bat izan daitekeela uste du.
Erredakzioa
Bizkaiko Gatika herrian dagoen Butroeko gaztelua salgai jarri du eraikinaren jabe den Inbisa enpresa taldeak. Ondare Historiko izendapena du, eta hamar milioi euroko salneurria jarri diote.
2005. urtean erosi zuen gaztelua Inbisak, eta enpresaren sail estrategikoen baitan ez dauden aktiboen txandaketa politikan sartzen da salmenta hori.
Gatikako eraikina ekitaldiak ospatzeko eta telebistarako eta publizitaterako grabazioak egiteko erabili du Inbisak. Azken urteetan inguruko nahiz nazioarteko inbertitzaile ugariren eskaintzak jaso dituela adierazi du enpresa taldeak, eta Bizkaiarentzat erreferentzia turistiko berri bat izan daitekeela uste du.
Jadanik martxan den salmenta prozesu horretan, "gaztelua egoki kontserbatzeko hitza" eman dutenen eskaintzei lehentasuna emango diela azpimarratu du Inbisak. Enpresa talde bizkaitarraren ustez, eraikin hori "oso egokia" da erabilera berriak, ekintza sozial edo kulturalak esaterako, bultzatzeko, : erakusketak, museoak, bisita gidatuak, eta abar.
Butroiko gazteluak 2.400 metro koadro eta 35 hektareako parke bat ditu. XIII. mendeko dorretxe batean du jatorria, baina gaur egun duen itxura, Europa erdialdeko gaztelu erromantikoen antzekoa, XIX. mendean Cubasko markesak eginiko eraldaketa sakon bati zor dio.
Eraikinak beheko solairua, tarteko solairua, bost solairu, estalkia eta lau dorre ditu.