Gizartea -

Malaya auzia

11 urteko espetxealdia eta 240 milioi euroko isuna ezarri diote Rocari

Epailearen iritziz, Rocak hainbat delitu egin ditu, tartean, dirua zuritu, iruzurra eta prebarikazioa. Bere egunean, fiskalak 30 urteko espetxe zigorra eskatu zuen.

Malaya auziaren epaia jakitera eman dute gaur. EFE.
Malaya auziaren epaia jakitera eman dute gaur. EFE.
Malaya auziaren epaia jakitera eman dute gaur. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Antonio Roca Marbellako Udaleko Hirigintza aholkulari ohiari 11 urteko kartzela zigorra eta 240 milioi euroko isuna ezarri dio epaileak, ‘Malaya’ auziko ustelkeria kasuaren burua Roca zela ebatzita.

Epailearen arabera, Rocak hainbat delitu egin ditu: dirua zuritu, iruzurra eta prebarikazioa, besteak beste. Bere egunean, fiskalak 30 urteko espetxe zigorra eskatu zuen.

Bestalde, Marisol Yague Marbellako alkate ohiari sei urteko kartzela zigorra ezarri dio epaileak, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, prebarikazioagatik, iruzurragatik eta lehiaketa publikoetako prezioak aldatzeagatik. Fiskalak 16 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Yaguerenzat. Marbellako alkatea izan zen 2003tik 2006ra, Julian Muñozen aurkako zentsura mozioa aurrera atera ondoren.

Julian Muñozi, berriz, bi urteko kartzela zigorra ezarri diote. Muñoz espetxean da, kapitala zuritzeagatik. Fiskalak 10 urteko espetxealdia eskatu zuen harentzat.

Isabel Garcia Marcos Marbellako alkateorde ohiari 4 urteko kartzela zigorra ezarri dio epaileak. PSOEko zinegotzia izan zenean, Jesus Gilen etsai amorratua izan zen Garcia Marcos. 2003. urtean, PSOEtik bota zuten, Julian Muñozen aurkako zentsura mozioaren alde bozkatzeagatik.

Zigor txikiagoak enpresaburuentzat

‘Malaya’ auzian inputatutako enpresaburu gehienei fiskalak eskatutakoa baino zigor txikiagoak ezarri dizkie epaileak. Horietako batzuk, gainera, absolbitu egin ditu.

Adibide moduan, Carlos Sanchez eta Andres Lietor enpresaburuarentzat 22 urteko espetxe zigorra eta 23 milioi euroko isuna eskatu zuen fiskalak. Epaileak, berriz, 6 urte eta 3 hilabeteko zigorra eta 4,7 milioiko isuna ezartzea erabaki du.

Jose Avila Rojas Granadako sustatzaileari 3 urte eta 8 hilabeteko espetxe zigorra eta 11,5 milioi euroko isuna ezarri dizkio epaileak. Fiskalak, berriz, 10 urte eta 55 milioi euro eskatu zituen.

Bestalde, Rafael Gomez Sanchez ‘Sandokan’ eraikitzaileari sei hilabeteko espetxealdia ezarri dio, eta Tomas Olivo eta Cristobal Peñarrova aske utzi ditu.

Aifos enpresa sustatzaileko enpresaburuei ere fiskalak eskatutakoa baino zigor txikiagoak ezarri dizkie.

Azkenik, zortzi hilabeteko espetxealdia ezarri dio Jose Maria Gonzalez de Caldas Sevillako futbol taldeko presidente ohiari. Fiskalak bi urte eskatu zituen harentzat.

Dirua, Marbellarentzat

‘Malaya’ auziko epaileek adierazi dute epaiaren ondorioz lortuko den dirua Marbellako herriak Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin dituen zorrak ordaintzeko erabili beharko litzatekela.

“Ustelkeriarekin” izan duen harremanagatik, Marbellak “kalte moral eta ekonomiko” ugari pairatu dituela adierazi dute epaileek, eta kalte horiek, ahal den einean, konpondu egin behar direla gaineratu dute

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea