Gizartea -
Ezbeharra
Donostiak Landetan hildako mendizaleak gogoratuko ditu gaur
Hildakoak, 44 eta 60 urte arteko mendizaleak, Txiletik bueltan zetozen, espedizio batean parte hartu eta gero.
Erredakzioa
Landetan hildako mendizaleak gogoratuko dituzte gaur Donostian. Izan ere, Garberako Suhiltzaileen eraikinean dolu-xingola beltza jarri dute gaur goizean. Bitartean, gorpuak etxeratzeko tramiteak hasi dituzte Landetako zirkulazio istripuan hildako mendizaleen senideek.
Lau lagun hil ziren larunbatean Capbretonen, Banesse Maremma parean, izandako istripuan; horietatik hiru donostiarrak dira, mendizale ezagunak. Donostiara zihoazen, Txiletik bueltan, mendiko eski espedizio batean parte hartu ondoren.
Hildako hiru donostiarrak Club Vasco de Campig elkarteko kideak ziren: Andoni Areizaga (1982tik 1985era EiTBko zuzendari nagusi izan zen Andoni Areizagaren semea), Donostiako suhiltzaileen sarjentua, mendizale ezaguna eta Open AltiToy eski-probako zuzendaria; Josean Fernandez, antiguotarra eta Eibarko Armeria Eskolako irakaslea; eta Iñaki Cuellar mendizalea. Laugarren hildakoa, istripua izan duen furgonetako gidaria, Bernard Doumerq frantziarra da.
Bi lagun istripuaren tokian bertan zendu ziren. Beste biak, erietxera eraman zituzten, larri, eta han hil dira. Kamioi batek atzeko gurpil bat galdu zuen eta beste kamioi bat errepidean gelditu zen, gurpila paretik kentzeko. Atzetik zetorren furgonetak bete-betean jo zuen bigarren kamioia, eta kolpearen ondorioz hil dira lau lagunak.