Gizartea -
Krimena Gasteizen
Fiskaltzak hilketa leporatu dio Gasteizen atxilotutako adingabeari
52 urteko gizon bat hil izana egotzi dio Arabako fiskaltzak. Gorpua maiatzaren 22an aurkitu zuten.
Erredakzioa
Gizon baten hilketa eta indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatu dizkio Arabako fiskaltzak Jose Javier Garcia Gutierrezen ustezko hiltzaile adingabeari. 52 urteko gizonaren gorpua Gasteizko garaje batean aurkitu zuten.
Adingabeen Erantzukizun Penalerako Lege Organikoak zehazten dituen zigorrik handienak eskatu ditu fiskaltzak akusatuarentzat. Zigor horien artean daude, besteak beste, erregimen itxian barneratzea zortzi urtez eta zaintzapeko askatasuna bost urtez, hezkuntzarako laguntzarekin.
Gainera, hamahiru urtez hildakoaren alargunarengana eta semeengana gerturatzea debekatu nahi dio fiskaltzak akusatuari, baita haien etxebizitzara eta lantokira hurbiltzea ere.
Jose Javier Garcia Gutierrezen gorpua haren semeak aurkitu zuen maiatzaren 22an, Lakua-Arriaga auzoko Batzar Nagusietako kalean, garaje bateko komunean. Soldatzailea zen, ezkonduta zegoen eta bi mutilen aita zen.
Lekuko batzuk krimena gertatu zen tokian soka bat ikusi zutela azaldu zuten maiatzaren 22an, baina Segurtasun Sailak ezin izan zuen zehaztu gizona nola hil zen.
Bi asteko ikerketaren ostean, Ertzaintzak adingabe bat atxilotu zuen ekainaren 6an, zantzuak eta froga biologikoak aurkitu baitzituen. Akusatua Gasteizko adingabeen Auzitegira eraman zuten.
Egun, adingabea barnetegi batean dago, kautelazko neurri gisa.
Epaiketa azaroan izango dela iragarri du fiskaltzak.