Gizartea -
Atxiloketak
Pertsonak legez kanpo trafikatzen zituen sare bat desegin dute
Afrikatik Kanarietara txalupetan legez kanpo pertsonak eramaten zituzten, 1.800 euroren truke. Sei lagun atxilotu dituzte operazio honen harira.
Erredakzioa
Afrikatik Kanariar irletako kostara pertsonak legez kanpo eramaten zituen sare bat desegin dute Espainiako eta Mauritaniako poliziek. Sei pertsona atxilotu dituzte, operazio honen harira, sei Espainian eta hiru Mauritanian. Bi txalupetan 49 pertsona Kanarietara legez kanpo eramatea egozten diete.
Poliziak, agiri batean, jakinarazi duenez, bi txalupa horien patroiak dira Espainian atxilotutako hiru lagunak. Antza, 1.800 euro ordainarazten zieten pertsona bakoitzari, gutxi gorabehera, Afrikatik Kanarietara eramateagatik.
Joan den abuztuaren 24an jarri zuten abian operazioa; egun horretan, Tenerifeko hondartza batera 26 etorkin iritsi ziren txalupa batean. Handik hilabetera, irailaren 24an, Kanarietako beste hondartza batera 23 lagun iritsi ziren, txalupan, baita ere. Bi kasuok ikertzen hasita lortu omen du poliziak operazioa burutzea.
Espainiako Poliziak Mauritanian brigada berezi bat dauka, nazioarteko taldean elkarlanean aritzen dena: pertsonak legez kanpo eta baldintza prekarioetan Espainiako kostara eramaten dituzten sareak atzematea da euren eginkizuna.