Gizartea -
Epaiketa Madrilen
Talidomida ez zegoela haurdunentzat gomendatuta esan du konpainiak
Haurdunei goragaleak kentzeko botikak malformazioak eragin zizkien 60ko hamarkadan jaiotako dozenaka umeri.
Erredakzioa
Talidomida sendagaia ekoizten zuen konpainia farmazeutikoak, Grunenthal alemaniarrak, botika hori ez zegoela haurdunentzat gomendatuta esan du. Dena dela, erabilera-orrian ez zegoela hala adierazita aitortu du.
Madrilgo lehen auzialdiko 90. zenbakiko epaitegiak hasiera eman dio gaur 'Talidomida' auziko epaiketari. Botika hori 1957an ipini zuten salgai, haurdunei goragalea kentzeko. Berez ez zen kaltegarria, baina umekiei malformazioak sortzen zizkien. Ehunka biktima daude, eta 20k auzitara jo dute. 204 milioi euroko kalte-ordainak eskatzen dituzte.
Epaiketaren lehen saioan, botika 1961. urtean kendu zutela merkatutik deklaratu du enpresa farmazeutikoaren ordezkari legalak, albo-ondorioak sortzen zituen susmoa izan zutelako.
Espainian, baina, "urte gehiagoz errezetatu zuten", mundu osoan debekatuta zegoen arren, biktimen esanetan.
AVITE elkarteak aurkeztutako salaketaren arabera, munduko 50 herrialdetan egon zen salgai, 80 izen komertzialekin. Espainiako Estatuan, 1957tik 1965era egon zen salgai, biktimen arabera.
Alemanian, biktimek milioi askoko kalte-ordainak jaso dituzte, baina Espainian ez dute akordiorik lortu, bi aldeek hainbat bilera eduki dituzten arren.
Botika-enpresak Espainiako biktimei urtero 120.000 euro ordaintzeko prest zegoela agertu zuen, baina kaltedunek ez zuten onartu.
Hain justu, Ignacio Martinez Espainiako biktimen abokatuak "Alemaniako kaltedunen parean ipintzea" eskatuko du, "1971. urtetik biziarteko pentsioa jasotzen ari baitira", agertu du.