Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen bikotea eta alaba erasotzeagatik
Atxiloketa horretaz gain, Gasteizko udalzaingoak beste gizonezko bat atxilotu zuen larunbatean emakumeen aurkako indarkeria egotzita.
Erredakzioa
Gasteizko udaltzaingoak 36 urteko gizonezkoa atxilotu zuen larunbatean bikotekidea eta alaba erasotzeagatik eta iraintzeagatik.
Gasteizko Udalak ezagutzera eman duenez, larunbat goizaldean 36 urteko gizonezkoa atxilotu zuen udaltzaingoak indarkeria matxista eta familia arteko indarkeria egotzita. Bikotekidearen aurkako salaketa jarri ondoren egin zen atxiloketa. Emakumeak adierazi zuenez, gizonezkoak golpatu eta iraindu egin zuen. Ama babesten saitu zenean alaba ere golpatu zuen.
Larrialdietako zerbitzuetara eraman zituzten bi emakumeak eta zituzten zauriak sendatu zizkieten. Gizonezkoa Guardiako Epaitegira eraman zuten.
Erasoa Bilbao enparantzaren inguruan
Emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako bigarren atxiloketa bat ere egin zuen larunbatean udaltzaingoak. 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Bilbao enparantzan. Hainbat lekukok adierazi zutenez, atxiloketa izan baino minutu batzuk lehenago atxilotutako gizonezkoak emakume bati eraso egin zion eta hainbat golpe eman zizkion aurpegian. Auto batera igo ziren ondoren, baina udaltzaingoak gelditu egin zituen.
Emakumeak ukatu egin zuen erasoa jasan izana, baina aurpegian zituen golpeak ikusita eta lekukoek ziotena entzunda, udaltzaingoak gizonezkoa atxilotu zuen emakumeen aurkako indarkeria egotzita eta Guardiako Epaitegira eraman zuten. Emakumeak ez zuen artatzerik nahi izan.