Gizartea -
Euskara
Euskal kirolariek euskara sustatzeko hitzaldiak eskainiko dituzte
Hainbat euskal kirolarik euskararen ulermena eta idazkera hobetzeko tailerrak emango dituzte Bilboko zortzi ikastetxetan eta barrutietako zentroetan.
Erredakzioa
Euskararen ulermena eta idazkera hobetzeko asmoz, hainbat euskal kirolarik hitzaldiak eskainiko dituzte Bilbon. Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (BIGE), Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Itzarri Consulting enpresak jarri dute martxan egitasmoa. "Euskara normalizatzearen alde lan egitea eta kirolaren balioak hezkuntzaren ikuspuntutik sustatzea" da hitzaldi horien helburua, Bilboko Udalak adierazi duenez.
Koikili Lertxundi, Ibai Gomez, Arrate Orueta, Aitziber Juaristi eta Iraia Iturregi futbolariak, Beñat Intxausti eta Igor Anton txirrindulariak, Iñaki Iza eta Mikel Urrutikoetxea pilotariak, Maider Unda borrokalaria, Eunate Agirre bodyboardlaria eta Alex Txikon mendizalea izango dira hizlarietako batzuk, eta euskararen eta kirolaren inguruko gaiei buruz hitz egingo dute, Itzarri enpresako aholkulariekin batera.
Gaur aurkeztu du proiektua Bilboko udalbatzak. Hil honetan bertan abiatuko da, eta 2014ko ekainera arte iraungo du.
Bi zerbitzu jarriko dira martxan. Batetik, kirolariek Bilboko barrutietako zentroetan hezkuntzari eta euskarari buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte. Hitzaldiak egun hauetan izango dira: urriaren 31n, Deustuko Udaltegian; azaroan, Castañoseko Udaltegian; abenduan edo urtarrilean, Otxarkoagako Udaltegian; otsailean, Begoñako Udaltegian; martxoan, La Bolsa eraikinean; apirilean, Carmen aretoan; maiatzean, Errekaldeko Udaltegian; eta maiatzean edo ekainean, Basurtuko Udaltegian.
Bestetik, 'Euskara Tek' ekimena egingo dute, 9 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Kirolariek ordubeteko bi hitzaldi emango dituzte Bilboko zortzi ikastetxetan, euren ibilbide profesionalari buruz hitz eginez. Jendaurrean euskaraz hitz egitea izango da helburua, eta umeei galderak egiteko tartea utziko zaie.