Gizartea -
Zirkulazio istripua
Bi motorzale larri zauritu dira Deban eta Donamarian
Biak ala biek aurrez aurre talka egin dute ibilgailu banaren kontra. Zaurituetako bat Mendaroko ospitalera eraman dute, eta bigarrena, berriz, Nafarroako Ospitalera.
Erredakzioa
Bi motorzale larri zauritu dira Deban eta Donamarian izandako bi zirkulazio istriputan.
Nafarroan 21 urteko motorzale batek eta lur orotako ibilgailu batek aurrez aurre jo dute elkar Labeagako bidean, Donamarian.
08:15 inguruan gertatu da ezbeharra, eta, antza denez, Labeagako gainera zihoan motor gidariak eta kontrako norazkoan gidatzen ari zen ibilgailuak elkar jo dute 3,5. kilometroan.
Donamariako gaztea helikopteroz eraman dute Nafarroako Ospitalera, larri zaurituta, eta bigarren ibilgailuko gidaria ez da zauritu, Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez.
Bestalde, 45 urteko motorzale bat larri zauritu da Deban, zirkulazio istripu batean. Motorrak eta auto batek aurrez aurre talka egin dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ezbeharra 12:30 inguruan gertatu da N-634 errepidean, Bilborako noranzkoan. Ezezagunak diren arrazoiak tarteko, Skoda Octavia auto batek eta Honda CBR moto batek aurrez aurre talka egin dute.
Istripuaren ondorioz, motorzalea larri zauritu da, eta Mendaroko ospitalera eraman dute.