Gizartea -
Teknologia
Ordenagailuaren eta Interneten erabileran bigarren erkidegoa da EAE
Telefono mugikorren erabiltzaile kopurua estatuko batezbestekoaren azpitik dago, INE Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera.
Erredakzioa
Ordenagailua eta Internet erabiltzen dituen biztanle kopurua kontuan izanik, Euskal Autonomi Erkidegoa estatuko bigarrena da, Madrilen atzetik. Mugikorraren erabilerari dagokionez, ordea, estatuko batezbestekoaren azpitik dago, INE Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera.
Informazio eta komunikazio teknologiei etxean ematen zaien erabileraren inguruan inkestak egin ditu aurten INEk. Emaitzek erakutsi dutenez, EAEko biztanleen % 79,1ek azken hiru hilabeteetan ordenagailua erabili du, estatuko batezbestekoa baino ia zazpi puntu gehiago.
Gainera, % 76,6k azken hiru hilabeteetan Internet erabili dutela aitortu dute, batezbestekoa baino sei puntu gehiago, eta %72,3 gutxienez astean behin konektatzen dira. Espainiar estatuan, %65,8 konektatzen dira maiztasun horrekin.
Bestalde, EAEko biztanleen % 93,9 telefonia mugikorraren erabiltzaileak dira, estatuko batezbestekoaren azpitik (% 94,2).