Gizartea -
Gernikako Azoka
Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azoka, euripean
Dagoeneko kaleak jendez gainezka daude azokan jarri dituzten 277 postuez gozatzeko eta jai-giroan egun-pasa egiteko.
Erredakzioa
Milaka pertsona joan dira gaur Gernika-Lumora, Urriko Azken Asteleheneko Azoka ikustera. Aurten, 277 postu izango dira ikusgai, gehienak nekazaritza alorreko produktuak eskaintzeko. Hala ere, udazken garai honetan ohikoa den legez, euria izan daiteke eguneko protagonista desatsegina.
Euskal Herrian urtero egiten diren nekazaritza azoken artean garrantzitsuenetakoa da Gernikako hau. Erdialdeko kale nagusiak hartzen ditu, eta, ondorioz, ibilgailuentzat itxita egongo dira asteartera arte.
Bertan, 74 postuk gazta eskainiko dute, 47k barazkiak, 20k txakolina, 22k ogia eta euskal pastela, 12k kontserbak, 12k frutak, 6k eztia, 6k sagardoa, 5ek erroskillak, 2k esnekiak eta 2k loreak.
Azoka ezaguna erdialdeko kaleetan egingo da goizean, eta, aipatutakoez gain, 46 postutan artisautza produktuak, 13tan nekazaritzarako makinak eta 10etan bestelakoak eskainiko dituzte, Gernika-Lumoko Udalak emandako datuen arabera.
Azokara produktuak eraman dituzten nekazariak lehiaketa batean parte hartzen ari dira, eta barazki, fruta, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta postu onenek saria jasoko dute.
Azokak Gernikara erakartzen duen jende kopuru handia kontuan izanik, ohikoak izaten dira auto-ilarak herrira sartzeko bideetan. Hori dela eta, Udalak garraio publikoa erabiltzeko deia egin die bisitariei.
Joan-etorriak errazteko, Euskotrenek tren zerbitzu bereziak jarri ditu. Bilbo eta Bermeo arteko linean 30 minutuan behin izango da zerbitzua, eta 15 minutuan behin Zornotza eta Gernika artean.