Gizartea -
Gertakaria
Bizkaian eta Gipuzkoan piztutako suteak itzali dituzte
Areatzan, Zeanurin, Muskizen eta Getxon (Bizkaia) izan dira suteak. Gipuzkoan, Andoaingo haztegi batean piztu dira garrak.
Erredakzioa
Azken orduetan nagusi izan diren haize-bolada gogorren eraginez, suhiltzaileek lanak izan dituzte Bizkaiko hainbat lekutan eta Andoainen (Gipuzkoan) piztu diren suteak kontrolatzen eta amatatzen. Areatzan, Zeanurin, Muskizen eta Getxon izan dira Bizkaiko suteak.
Areatzako eta Zeanurin (Bizkaia) mendialdean izan dira suteak eta Andoainen (Gipuzkoa), haztegi batean. Muskizen atzo piztu zen sutea, eta Getxon Artea inguruan piztu dena goizean berpiztu da.
Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, sute "txikia" piztu da sutea gaur 03:30 aldera Zeanuriko baso batean, eta suhiltzaileak sua itzaltzeko lanetan ibili dira goiz guztian; izan ere, haizeak asko zaildu du lan hori.
Areatzan ere lanean izan dira goizean suhiltzaileak, San Justoko ermitaren aldamenean, Gorbeia menditik gertu dagoen pinudi batean. Sua eguerdian itzali dute.
Muskizen ere mendialdean piztu zen atzo sua. 22:00ak aldera ohartu ziren suteaz, eta 06:00etan lortu dute itzaltzea. Suaren ondorioz, hiru baserri jendez hustu zituzten, badaezpadako neurri gisa.
Arteako (Getxo) zuhaizti batean piztutako sutea ere ordu berean itzali dute, 06:00ak aldera. Berangora doan errepideko errei bat itxi behar izan dute sutearen ondorioz. Goizean, baina, berriz piztu dira garrak. Suhiltzaileak berriro joan behar izan dira eremura, eta azkenean lortu dute mendean hartu eta amatatzea. Sugarrek hektarea erdia (futbol zelai baten pareko eremua) eta arbola batzuk erre dituzte.
Bestalde, Andoaingo (Gipuzkoa) haztegi batean goizaldean piztu den sutea kontrolpean dute suhiltzaileek. Gipuzkoako Aldunditik jakinarazi dutenez, "sutea oso ikusgarria izan da, ke askorekin", baina kalteak ez dira oso handiak izan, iturrion arabera.
Sugarrak 04:00etan piztu dira Leizotz auzoan dagoen haztegi batean. Haize zakarraren ondorioz, espero baino denbora gehiago eman dute kontrolatzeko, eta 08:00etarako lortu dute. Dena den, suhiltzaile talde bat bertan geratu da, garrak mendean hartzeko.
Zorionez, suteek ez dute zauriturik eragin, aipatu iturrien arabera.
Haizegatik ezarritako abisua, bertan behera
Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak eguerdian kendu du haizeagatik ezarritako abisu horia.
Azken orduetan, bolada gogorrak izan dira haizeguneetan. Hala, haizeak 156,6 km/h-ko abiadura hartu du Punta Galean; 143,6 km/h-koa, Matxitxakon; 127,7 km/h-koa, Zugaztietan; 124,2 km/h-koa, Oizen; 120 km/h-koa, Zarautzen, eta 114 km/h Cerrojan.