Gizartea -

Ezbeharra Lleidan

Neskato bat hil da Lleidan, janaria kontrako eztarrira joanda

Haurtzaindegian jazo zen ezbeharra, eta, dirudienez, janariaren zati bat biriketara joanda ito zen urtebeteko haurra. Bi dolu-egun deitu dituzte Pontsen, neskatoa bizi zen herrian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtebeteko neskato bat hil zen atzo Bartzelonako Sant Pau ospitalean, haurtzaindegian janaria kontrako eztarrira sartu ostean. Hala adierazi du Francesc Garciak, ezbeharra gertatu den Lleidako Ponts herriko alkateak.

Garciak azaldu duenez, urriaren 25ean, haurrak arazoak izan zituen Pontseko Balu haurtzaindegian jaten ari zela. Irakasleek, egoera ikusita, neskatoa Lehen Mailako Arreta Zentrora eraman zuten, baina ez zuen hobera egin, eta Bartzelonara helikopteroz eramatea eskatu zuten.

Neskatoa Kataluniako hiriburuan ospitaleratu zuten, eta bertan hil zen atzo, medikuek ezin izan baitzuten ezer egin. Pontsen larrialdiko bilera bat deitu dute gaur, gertakariak eragin dien haurtzaindegiko lau irakaslerekin, eta euren babesa erakutsi diete familiari.

Gainera, bi dolu-egun dekretatu dituzte herrian, asteazkenean eta ostegunean. Izan ere, alkatearen arabera, hileta ostegunean izango da.

Orain, autopsia egingo diote neskatoari, heriotzaren zergatia jakin ahal izateko. Dirudienez, janariaren zati bat biriketara joan zitzaion eta ito egin zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Umeak azken ordukoa