Gizartea -
Bartzelonan hildako enpresaria
Benitezen atxiloketan parte hartu zuten 8 mosso inputatu ditu epaileak
Juan Andres Benitez enpresaburuaren atxiloketan parte hartu zuten zortzi mosso zerbitzutik baztertu ditu Kataluniako Barne Departamentuak.
Erredakzioa
Juan Andres Benitez enpresaburuaren heriotza ikertzen ari den epaileak zortzi mosso inputatu ditu gaur, Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek baieztatu dutenez. Benitez Bartzelonako El Raval kalean atxilotu zuten esquadra mossoek.
Osotasun moralaren eta bizitzaren aurkako delituak leporatu dizkie epaileak zortzi mossoei, eta baita justizia oztopatzea eta hertsapena ere.
Enpresaburuaren atxiloketan parte hartu zuten zortzi mosso zerbitzutik baztertu ditu Kataluniako Barne Departamentuak. Kautelazko neurria dela azaldu du kontseilariak.
Zortzi agenteak zerbitzutik kentzeko erabakia hartu dutela azaldu du Ramon Espadaler kontseilariak, leporatu zaizkien delituak oso larriak direlako.
Bestalde, El Yazid A. auzitik at uztea erabaki du epaileak. Orain arte inputatuta zegoen; izan ere, Polizia heldu aurretik enpresaburuarekin borroka egin zuen El Yazidek. Horrela, lekukoei eta bizilagunek grabatutako bideoei sinesgarritasuna eman die epaileak.
50 zentimetroko diametroa zuen odol putzu bat ikusi zuten bi lekukok, mossoek Benitez atxilotu zuten tokian. Atxiloketa baino lehen hildakoak zauririk ez zuela azaldu zuten lekukoek.