Gizartea -
Erasmus bekak
Ikasleek aurreikusitako laguntzak jasoko dituztela ziurtatu du Wertek
Erasmus bekak dituzten ikasle guztiek Gobernuak hasiera batean aurreikusitako laguntzak jasoko dituzte ikasturte honetan, Hezkuntza ministroak iragarri duenez.
Erredakzioa
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak iragarri duenez, Erasmus bekak dituzten ikasle guztiek Gobernuak hasiera batean aurreikusitako laguntzak jasoko dituzte ikasturte honetan. Ministerioaren agindua zuzendu egin dute, beraz.
Wertek Senatuan egin ditu adierazpenak, Gobernuaren kontrol saioa hasi baino lehen, Mariano Rajoy Exekutiboko presidentea ere bertan zela.
Gobernuak Erasmus bekadunen eskaerak ulertu dituela esan du Hezkuntza ministroak. Horregatik, Ministerioaren agindu berri batek iaz jasotako laguntza bera jasotzea ahalbidetuko du.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa Senatuan. Argazkia: EFE
Exekutiboko zenbait kiderekin elkarrizketak izan ditu gaur Wertek, besteak beste, Mariano Rajoy presidentearekin, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearekin eta Cristobal Montoro Ogasun ministroarekin. Neurria aldatzea erabaki du Wertek, elkarrizketa horiek izan ostean.
Erabakia zuzendu izana ukatu du Wertek, eta Ogasun ministroarekin (ikasleei eman beharreko kredituak ordaintzeko ardura izango baitu), Gobernuko presidentearekin eta Exekutiboko presidenteordearekin akordio batera heldu dela ziurtatu du.
Erasmus beka jasotzeko baldintzak aldatu izanak eragin du ika-mika. Joan den astean BOEn kaleratu zituen atzerrira ikastera joateko Erasmus beka jasotzeko ezinbesteko baldintzak, eta, bertan jasotakoaren arabera, aurrerantzean aurretik beka orokor bat jaso izana ezinbesteko baldintza izango zen hilean 150 euroko laguntza jasotzeko.
Erabakiak indar politikoen eta Hezkuntzako eragileen kritika ugari jaso ditu. Erabakiak "ezinegon handia" sortu duela onartu du Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen bozeramaileak, eta, horren aurrean, irtenbide bat bilatzeko deia egin du.
Bestalde, Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari ohartarazi dio Erasmus bekak jasotzeko baldintzak ikasturtea hasi aurretik aldatu behar zituztela, eta ez orain. Dagoeneko Europako beste unibertsitateetara joan diren ikasleei "zigorra" ezarri zaiela gaineratu du EBk.
Europako Batzordearen gomendioari erantzun dio agintariak. 2008-2009 ikasturtetik Europar Batasunak Erasmus Programako funtsak murriztu dituela (hilero 180 euro izatetik 110 euro izatera pasatu da) nabarmendu du ministroak.
Bekak mantenduko direla errepikatu du Rajoyk
Exekutiboak Erasmus bekekin iaz egindako gauza "berbera" egingo duela azpimarratu du Rajoyk Senatuan.
"Erasmus bekekin iaz egindako gauza berbera egingo dugu, Hezkuntza ministroak kazetariei oraintsu azaldu dien bezala", esan du Gobernuko presidenteak.
Espainiako hezkuntza sistemak erreformarik behar ez duela esanda PSOEk "errealitateari bizkarra" ematen diola kritikatu du Rajoyk. "Geldirik geratuko" ez dela esan du Rajoyk, "arduragabea" izango litzatekeelako.
"Lotsa ematen du"
"Espainia erakusten ari den irudiak lotsa ematen du", esan du Ana Lafuente Erasmuseko ikasle batek Lyonen (Frantzia). "Wertek atzera egin duelako" pozik agertu da, baina, horren esanetan, beste herrialde batzuetako ikasleek "ez dute sinisten" gertatutakoa.
Gobernuaren laguntza osagarria jaso behar ez zuela ikusita, etxera itzuli beharko zuela ere pentsatu du. "Espainiaren irudia oso txarra da, benetan kaskarra", gaineratu du.
Halaber, Danimarkan ikasten ari den euskal ikasle batek ere gogor kritikatu du Espainiako Gobernuaren jarrera.