Gizartea -

Funtzionarioak, zigortuta

Bi langile zigortuta, kirolarien eta enpresarien isunak aldatzeagatik

12.000 euroko kalte-ordaina eman diote Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari, eta 1.500 euroko isuna ordaindu dute. Halaber, Administrazioaren alor horretan lan egiteko gaitasunik gabe utzi ditu epaileak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Trafiko Buruzagitzako bi funtzionariori bi urteko kartzela-zigorra ezarri diete, Osasunako futbolari ohiei eta enpresariei ezarritako isunak manipulatzeagatik.

Bi aldeek akordioa adostu dute, eta zigorra irmoa da, Noticias de Navarra egunkariak argitaratutako informazioaren arabera. Dena den, zigortuek aurrekaririk ez dutenez, ez dituzte kartzelan sartuko.

Epaiaren arabera, Trafikoko Buruzagitzako bi funtzionario horiek 21 isun aldatu zituzten, eta beste probintzia batzuetako isunak ere manipulatu zituzten.

Besteak beste, Osasunako Javier Camuñas, Walter Pandiani, Ludovic Delporte eta Roversio Rodrigues jokalari ohien eta Angel Vizcay Osasuna taldeko gerentearen eta Manuel Entrecanales Accionako enpresariaren isunak manipulatu zituzten, egunkari nafarraren arabera.

2011ko martxoan atxilotu zituzten bi funtzionarioak, eta prebarikazioa, dokumentu ofizialak faltsutzea eta kalte informatikoak egitea leporatu zieten.

Bi langile publiko horiek multak manipulatzen zituzten, eta horien ohiko tramitazioa eragozten zuten. Hala, isun horietako asko ordaintzea eragozten zuten, eta, beste zenbait kasutan, horiek artxibatzea lortzen zuten.

Bestalde, 12.000 euroko kalte-ordaina eman diote Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari, eta 1.500 euroko isuna ordaindu dute. Halaber, Administrazioaren alor horretan lan egiteko gaitasunik gabe utzi ditu epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea