Gizartea -
Zabor-biltzaileen greba
Botellak emandako ultimatuma akordiorik gabe bukatu da Madrilen
Madrilgo alkateak garbiketa enpresak salatuko ditu. Botellak bere mehatxua bete eta Udalak Madril garbitzeko ardura hartuko du. Horretarako Estatuko enpresa bat erabiliko du: Tragsa.
Erredakzioa
Ana Botella Madrilgo alkateak 48 orduko epea eman zien zabor-biltzaileen enpresei gutxieneko zerbitzuak betetzeko. Arratsaldeko bostetan ultimatuma amaitu da, baina ez dago akordiorik.
Horrela, Botellak garbiketa enpresak salatuko ditu. Alkateak bere mehatxua bete eta Udalak Madril garbitzeko ardura hartuko du. Horretarako Estatuko enpresa bat erabiliko du: Tragsa.
Enpresek lan erregulazioko kaleratzeen kopurua 296ra murriztea proposatu dute, baina sindikatuek proposamena errefusatu dute beste neurri kaltegarriago batzuekin lagundu nahi dituztelako.
"Akordio batetik urrun gaude kaleratzeak eta soldaten jaitsierak mantentzen dituzten bitartean", adierazi du Alfredo Turienzo Lorezaintzaren UGTko ordezkariak. Grebari amaiera emateko hiru negoziazio mahai abian jarri dituzte goizean. Lanuzteak hamaikagarren eguna bete du gaur.
Enpresen proposamen berria arbuiatu dute sindikatuek, nahiz eta kaleratzeen kopurua 1.134tik 296ra murriztu. Sindikatuen ahotan, kaleratzeen murrizketaren truke soldaten jaitsierak eta lan baldintzen aldaketak proposatu dituzte, eta gatazka sortu zuten neurriak baino "kaltegarriagoak" dira.
Madrileko Alcala kalean pilatutako zaborra. Argazkia: EFE
Tragsa
Tragsa enpresa publikoaren CSIF sindikatuak langileak babesteko "beharrezko neurriak" hartzea eskatu du; izan ere, akordiorik ezean, Tragsako langileak Madrilgo kaleak garbitzen hasiko dira larunbat honetan. Bestalde, "lankideen greba lehertzeko erabiltzea" deitoratu du CSIF sindikatuak.
Zentzu horretan, Tragsa elkarte publikoaren ekintza legezkoa izango litzatekeela defendatu du Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak. Hala ere, langileak eta enpresak gatazka konpontzeko akordio batera heltzea "logikoena" izango litzatekeela gaineratu du.
Esperanza Aguirre Madrilgo PPren presidentearen hitzetan, Ana Botella "ahal duena egin" eta greba "oso ongi" kudeatzen ari da.