Gizartea -
Gertakaria
Lau urteko haur bat hil da zortzigarren solairutik erorita, Gasteizen
Forondako atea kaleko 44.ean gertatu da ezbeharra. Haurra zortzigarren solairuko balkoi batetik erori da, eta osasun zerbitzuak berehala bertaratu badira ere, umea hilik iritsi da ospitalera.
Erredakzioa
Lau urteko haur bat hil da gaur goizean Gasteizen zortzigarren solairuko balkoi batetik behera erorita, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Ezbeharra Forondako atea kaleko 44.ean gertatu da.
Lekukoek albiste-agentziei azaldu dietenez, ama eskolara joateko prestatzen ari zen haurra, eta bakarrik utzi duen une batean, haurra balkoiko barandara igo eta behera erori da.
Goizeko zortziak aldera izan da ezbeharra, eta osasun zerbitzuak berehala bertaratu dira, ordu erdiz saiatu dira haurra suspertzen, baina hilik iritsi da Txagorritxu ospitalera.
Tristura handia zabaldu da Lakua-Arriaga auzoan zoritxarreko istripu hori dela eta. Herritar asko ohartu dira gertakariaz eta batzuk haurtxoaren gorpua ikusi dute lurrean erori eta berehala, ordu horretan guraso asko ibiltzen baitira inguruan seme-alabak eskolara eramateko.
Bizilagunetako batek Efe albiste-agentziari azaldu dionez, 08:40ean igaro da ezbeharra gertatu den lekutik seme-alabekin, eta hilotza topatu du lurrean. Segituan konturatu omen da nor zen haurra: "Oso neskato atsegina, beti agurtzen zuena". Beste bizilagun batek jakinarazi du emakumea eta haurra bakarrik bizi zirela etxean.
Hainbat herritarrek ohartarazi dute etxebizitza horietako balkoiak "oso arriskutsuak" direla haurrentzat, erraza baita barandara igotzea.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko, baina Segurtasun Saileko iturrien arabera, istripuz erori izana da hipotesi nagusia. Osasun zerbitzuek ama artatu behar izan dute, nerbio-krisiak jo baitu ezbeharra gertatu denean.
Marotok babesa agertu die senideei
Javier Maroto Gasteizko alkateak babesa agertu die neskatoaren senideei, eta tragedia "hiri osoan" sentitzen ari dela adierazi du.
Alkateak "besarkada handi bat" helarazi dio sendiari, ezbeharraren berri izan eta gero eskainitako prentsaurreko batean.
Halaber, Marotok "lasaitasuna" eskatu die herritarrei.