Gizartea -

Radio Euskadik 30 urte

Radio Euskadiren 30. urteurreneko berezia ospatu da Alhondiga Bilbaon

Zuzeneko saioa egin dute bertatik Dani Alvarezek eta Loreto Larumbek, umorea eta musika ardatz hartuta.

A.H.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Radio Euskadi kalera irten da ostiral honetan, azaroak 22, bete berri dituen 30 urteak entzuleekin batera ospatzera. AlhóndigaBilbaoko atriotik zuzenean, saio berezia gidatu dute Dani Alvarezek eta Loreto Larumbek. Umoreak eta musikak osatu dute irratsaio fresko eta erakargarri hau, 08:30ean hasi eta 13:00ak bitartean.

Entzuleekin partekatu du Radio Euskadik bere urtemuga. Horrexegatik, festa honetara joateko gonbita egin die irratia egunero jarraitzen duten guztiei.

Egun berezi horretarako prestatu dituzten edukien artean, Joshua Edelman pianistaren kolaborazioa izan dute. Programaren sintoniak zuzenean jo ditu, beste hainbat piezarekin batera. Horietako bat Iñaki Azkunari eskaini dio.

Zalantzarik gabe, musika izan da saio berezi honetako protagonista nagusia. Jabier Muguruza, Gari, Xabi Aburruzaga, Sun, Alicia San Juan eta Lara Sagastizabal izan dituzte gonbidatu. Solasean aritzeaz gain, zuzeneko emanaldiak egin dituzte. Garik, bere aldetik, erakustaldia egin du publiko artean zeuden umeekin.

Umoreak ere tartea izan du ostiralean. Anjel Alkainen eta Aitor Gabilondoren Antes de mirar, cruzar ohiko tarteaz gain, Galder Perez eta Itziar Lazkano Radio Teatroko ordezkariak etorri dira Radio Euskadiko gunera. Gainera, Jamming antzerki konpainiako kideek bat-bateko umore saio berezia egin dute publikoaren parte-hartzearekin.

Beste gonbidatu berezi batzuen artean, Igor Anton eta Pablo Berasaluze kirolariek euren ibilbidea errepasatu dute; Manuel Gutierrez Aragon zinegile eta idazleak bere azken lana aurkeztu du; Ken Zazpi taldeko kideek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarrekin egindako azken proiektuaz (Klasikat) hitz egin dute; eta AlhóndigaBilbaoko Mediatekako Alazne Martin eraikina egin zuen Ricardo Bastida arkitektoaren bilobarekin etorri da.

Euskadi Irratiak bezala, 30 urte egin ditu Radio Euskadik entzuleengandik gertu. 450.000 entzule baino gehiago dituzte egunero EiTB taldeko irratiek (Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria, Gaztea eta EiTB Musika).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea