Gizartea -
Itunpeko zentroen sarea
Greba deitu dute abenduaren 3rako eta 4rako itunpeko zentroetan
Irakaskuntzako sindikatu guztiek egin dute greba deialdia: ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEE-EILAS sindikatuek.
Erredakzioa
ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEE-EILAS sindikatuek greba deialdi berria egin dute itunpeko zentroetarako. Greba deialdia abenduaren 3rako eta 4rako egin dute eta horren bidez hitzarmena betetzea eta "kendutako soldata" itzultzea eskatuko dute.
ELA sindikatuko Xabier Astorzak bost sindikatuen izenean deialdiaren berri eman du Bilbon. Kristau Eskola eta AICE patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunik ez dutela jaso salatu dute.
Eskaeren artean nabarmentzekoa da bertako lan-hitzarmena betetzeko eskaera. Adierazi dutenez, estatuko lan-hitzarmena ezartzen ari dira patronalak. Hitzarmen horri, ondoren, "Euskadiko osagarria" gehitzen omen diote. Sindikatuen aburuz, horren eraginez langile bakoitzak 1.300 eta 1.500 euro artean galtzen du urtean.
Horrez gain, "murrizketarik gabeko" lan-hitzarmen berri bat adosteko elkarrizketak hastea eskatu dute. "Lan-hitzarmena zentro guztietan betetzea eskatzen dugu eta berria sinatu arteko iraupena izatea", adierazi dute. "Kendutako soldata itzultzeko" ere eskatu dute irakaskuntzako sindikatuek.
Kristau Eskolak eta AICEk xantaia horiek alde batera uzteko asmorik ez dutela adierazi dute, "ezta hitzarmen berria adosteko mahaia deitzeko asmorik ere". "Eusko Jaurlaritzak ez du pausorik eman patronalei lan-hitzarmena betetzeko eskaeran, ez eta gatazkari konponbidea bilatzeko ere", gaineratu dute.
Grebaz gain, beste mobilizazio batzuk ere iragarri dituzte sindikatuek.