Gizartea -

Zirkulazioa

Bi lagun hil dira auto-istripuz Barasoainen

26 eta 27 urteko bi gazte dira hildakoak; bata Zizur Nagusikoa, eta bestea Iruñekoa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

26 eta 27 urteko bi gazte hil dira gaur, larunbata, zihoazen ibilgailua errepidetik atera eta zuhaitz batzuek kontra talka egin eta gero, N-121 errepidean, Oloritzen.

Hildakoak 27 urteko A.G.D. (gidaria), zizurnagusitarra, eta 26 urteko D.A.L. (gidariaren ondoko eserlekuan zihoan) Iruñeko bizilagun bat dira, Foru Gobernuak zabaldu duenez.

Ibilgailua eta bi gorpuak, horietako bat autoaren barruan zegoen eta bestea kanpoan, 11:45ean topatu dute, baina istripua bera 01:00ak aldera jazo da.

Ibilgailua errepidetik atera da eta ondoren ezkerreko ertzean dauden zuhaitz batzuen kontra talka egin du, Tuterarako noranzkoan, N-121 errepideko 22. kilometroan (Iruñea-Tutera errepidean).

Ibilgailua malda batean geratu da, landarediak estalita. Errepide horretatik goizaldeko ordu bietan igaro den pertsona batek eman du ezbeharraren abisua. Izan ere, gauez ez du ikusi zer zegoen bertan, baina goizean berriro joan da begiratzera eta autoa eta hilotzak aurkitu dituenean, 112ra deitu du.

Larrialdiak kudeatzen dituen zentrotik mediku talde bat bidali dute, eta hilik zeudela baieztatu egin dute. Tafallako zenbait suhiltzailek ere bertan izan dira hilotzak ateratzen.

Foruzaingoak, bere partetik, trafiko saileko bi auto bidali ditu, beste bat Prebentzio sailekoa, baita Iruñeko Argiketen Taldeko ibilgailu bat ere bai. Azken honek abiarazi du gertaeraren nondik norakoak argitzeko ikerketa.

Gorpuak Nafarroako Medikuntza Legaleko Institutura bidali dituzte, dagokien autopsia egin diezaieten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak