Gizartea -

Euskara

Eusko Jaurlaritzak sare sozialak euskaraz erabiltzeko deia egin du

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Eguna dela eta, Mundiala webgunea jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, sarea euskaraz erabiltzera bultzatzeko.

Mundiala kanpainaren logoa.
Mundiala
Mundiala kanpainaren logoa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak kanpaina bat jarri du martxan, sare sozialetan euskara erabiltzeko deia eginez. Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Eguna dela eta abiatu da ekimena.

Donostian atzo eskainitako prentsaurrekoan, Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, Jaurlaritzak EiTBrekin elkarlanean sortu duen kanpaina aurkeztu zuen. Horrekin, euskara "mundiala" dela erakutsi nahi da, eta, Baztarrikaren hitzetan, "bereziki azpimarratu behar da hizkuntzaren etorkizunerako erronka erabileran dagoela".

Hori dela eta, #mundiala etiketa erabiliz, sare sozialetan euskara erabiltzeko deia egin du Jaurlaritzak. Sailburuordeak azpimarratu duenez, euskara "hizkuntza modernoa da, erabilgarria, bizia, gaztea, erabilera anitzekoa, geurea, baina, batez ere, mundiala. Gurea delako eta munduko txoko guztietan dauden milioi bat euskal hiztunei hitza eman nahi dielako".

Baztarrikaren aburuz, "euskal hiztunak hizkuntzaren erabilerak duen garrantziaz sentsibilizatzea" da kanpaina horren helburua.

"Euskara ofizialak ez diren arloetan ere erabili daitekeela agerian utzi" nahi du kanpainak, "bai sare sozialetan, baita lagunarteko solasaldietan ere". "Bikain egokitzen da egungo komunikazio erremintetara", sailburuordearen iritziz.

Ekimen hori zabaltzeko, www.mundiala.net webgunea jarri da martxan. Bertan, erabiltzaileei euskarazko txio bat bidaltzeko deia egiten zaie, Twitterren dauden 35 hizkuntzetako bat baita euskara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea